Itxi

Katalunia, aurrekontu gabe

Puigdemontek 'desleiala' izatea egotzi dio CUPi

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

"Konfiantza nuen zuengan, eta azkeneraino defendatu zaituztet", deitoratu du Kataluniako presidenteak.

Carles Puigdemont. EFE

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteak iragarri du irailean konfiantza mozioa deituko duela, gobernatzen jarraitzeko babes nahikoa ote duen egiaztatzeko, CUPek aurrekontuei betoa jarri eta gero.

Aurrekontuen bozketa egin ostean, Puigdemontek hitza hartu du, eta 15 minutuz aritu da.

"Ez dut inolako interesik agintaldia bidegabe luzatzeko; nik independentzia egin nahi dut", esan du, eta CUPi "desleiala" izatea egotzi dio.

Horren ildotik, agintariak azaldu du konfiantza mozioan ondorioztatuko dela gobernatzen jarraitzeko adina babes duen, edo, aitzitik, hauteskundeak deitu beharko dituen.

Puigdemontek "tristura eta atsekabea" agertu ditu, eta CUPekin akordioa lortzeko xedez, Junts pel Si koalizioak Artur Mas hautagaia erretiratu zuela gogorarazi du. Horren aurrean, salatu egin du "300.000 boto ordezkatzen dituzten CUPeko 10 diputatuek osoko zuzenketa bat erretiratu ez izana". "Ez dago proportziorik, ez logikarik, ez leialtasunik", deitoratu du.

"Konfiantza nuen zuengan, eta azkeneraino defendatu zaituztet", esan die CUPeko parlamentariei, eta "azken urteetan independentziaren alde mobilizatu diren milioika pertsonei huts egin izana" leporatu die.

Presidente kataluniarrak aitortu egin du gehiengoa galdu duela, eta errefusatu egin du iazko aurrekontuen luzapena kudeatzea, "horiek ez baitzuten independentzia eskuratzeko agindua".

Halaber, Estatuari aurrekontu luzatuekin aurre egitea "elefanteak balin-eskopeta batekin ehizatzea bezalakoa" dela nabarmendu du.

Albisteak (2)