EiTB Focus
Elkarrekin Ahal Duguk irabaziko lituzke hauteskunde orokorrak EAEn
EITB.EUS
'EiTB Focus'en hirugarren aleak EAJren garaipena aurreikusi du udazkeneko hauteskundeetan. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EH Bildu izango litzateke bigarren indarra.
Euskal Irrati Telebistak 'EiTB Focus' galdeketa publikoaren hirugarren atalaren emaitzak kaleratu zituen joan den astean, Gizaker inkesta-etxeak EiTBko albistegi zerbitzuetarako egindako ikerketarenak, hain zuzen.
Ekainaren 16an, ostegunez, kaleratu zen lehen atala, ekainaren 26an egingo diren hauteskunde orokorren ingurukoa. Espainiako hauteskundeei begirako boto-asmoa kontuan hartuta, Elkarrekin Ahal Dugu koalizioak (Ahal Dugu eta Ezker Batua alderdien artean adostutako itunetik sortutako koalizioa) lortuko lituzke boto gehien Euskal Autonomia Erkidegoan. Eserlekuei dagokienez, Elkarrekin Ahal Duguk 7 eserleku lortuko lituzke, EAJk 5, eta EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk 2na. Horrenbestez, abenduaren 20ko emaitzekin alderatuta, Elkarrekin Ahal Duguk bi eserleku gehiago eskuratuko lituzke, EH Bilduk bere biei eutsiko lieke, eta EAJk, PSE-EEk eta PPk bana galduko lukete. Halaber, Ciudadanosek ez luke ordezkaririk lortuko.
'EiTB Focus' inkestaren arabera, EAEko hiru biztanletik bik abenduaren 20an eman zuten botoa errepikatuko dute. Zehatz-mehatz esanda, galdekatutako pertsonen % 65,2k ez dute aldatuko euren botoa, eta % 13,9k, aldiz, beste alderdi baten alde bozkatuko dute. Bestalde, % 14k ez dute erabaki oraindik zer bozkatu.
Ekainaren 17an argitaratu zen EiTB Focus makroinkestaren bigarren atalak udazkenean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen inguruko datuak bildu zituen. Boto-asmoari buruz egindako EiTB Focus inkestaren arabera, EAJk irabaziko lituzte hauteskundeak, bigarren lekuan EH Bildu izango litzateke eta Elkarrekin Ahal Dugu koalizioa izango litzateke hirugarrena.
EiTB Focus makroinkestaren arabera, EAJk 27 legebiltzarkide lortuko lituzke; EH Bilduk, 17; Elkarrekin Ahal Duguk, 14; PSE-EEk eta PPk, 8na; eta Ciudadanosek, bat.
Larunbatean argitaratutako hirugarren atalak, berriz, hauteskunde kanpainari buruz eta politikariek hedabideetan duten jardunari buruz herritarrek duten iritzia jasotzen zuen. EAEko herritarren % 87k politika ikuskizun gehiegi dagoela uste dute, ekaineko EiTB Focus inkestaren arabera. Horrez gainera, % 82,2k politika horrek botoa erabakitzerakoan herritarrengan eragina duela uste dute. Bestalde, sare sozialak herritarrekin harremanetan izateko modu ona direla uste dute % 62,4k.
Fitxa teknikoa
Inkesta EAEn egin da, 1.200 lagunen artean (laurehun, lurralde bakoitzeko), % 95eko konfiantza-mailarekin.
Ikerketari dagokionez, 2016ko maiatzaren 11ren eta 12aren artean egindako lana izan da, telefono bidezko elkarrizketen bidez.
Ildo horretan, analisi kuantitatiboa erabili dute ikerketa egiteko, telefono bidezko elkarrizketen teknikarekin.
Inkesten % 23,4 euskaraz egin dira, eta gainerako % 76,6a gaztelaniaz. Inkestaren batez besteko iraupena 11 minutukoa izan da.