Itxi

Ustezko ustelkeria

De Miguel auziaren ahozko epaiketa egitea agindu du epaileak

Agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Ahozko epaiketa abiatzeaz gain, Alfredo de Miguel auzipetu nagusiarentzat 16,5 milioi euroko isuna eskatu du epaileak, kautelazko neurri gisa.

Maria Eneida Arbaizar Gasteizko Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiko magistratuak De Miguel auziaren ahozko epaiketa egitea agindu du. Euskadin inoiz ikertu den ustezko ustelkeria kasu handiena da honakoa.

Legez kontrako komisioak kobratzeko ustezko sare batean parte hartu izana leporatu diete auzian nahasitako 26 lagunei, tartean Arabako EAJren buruzagi ohi batzuei (Alfredo de Miguel EAJren Araba Buru Batzarreko bigarrena izan zena da auzipetu nagusia).

Astearte honetan kaleratutako autoan, kautelazko hainbat neurri hartu ditu epaileak. Besteak beste, Alfredo de Migueli 16,5 milioi euroko isuna jartzea eta 133.920 euro konfiskatzea erabaki du.

Fiskaltzak, bere aldetik, ia 55 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen auzipetu nagusiarentzat, eta 27 delitu egotzi zizkion, besteak beste, funtzionario-eroskeria, elkartze ez-zilegia, kapitalak zuritzea eta influentzia-trafikoa.

Bermeen zenbatekoa murriztu du epaileak

Fiskaltzaren akusazio idatzian aipatutako 26 pertsonen kontrako ahozko epaiketa agindu du epaileak autoan, baina eskatutako bermeen zenbatekoa murriztuta.

Hala, Alfredo de Miguelentzat 16,5 milioi euroko kautelazko ordainketa eskatu du. Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano EAJko kide ohientzat, berriz, 879.000 eta 588.000 eurokoak, hurrenez hurren.

Gainerako akusatuentzat ere berme handiak galdegin ditu epaileak. Jesus Arrutirentzat, adibidez, 9,2 milioi euroko fidantza eskatu du, eta Francesc Fernandez, Joaquin Sabater, Placido Casas eta Ramon Tomas Riba akusatuentzat 6,4 milioi eurokoa.

Arabako Foru Aldundia auzitik kanpo geratu da. Jaurlaritzak akusazio zibil gisa jarraituko du.

Arabako Teknologia Parkeko kontratu publikoetan lehiatzeko legez kanpoko komisioa eskatu ziotela esanez, 2009an enpresaburu batek aurkeztutako salaketak abiatu zuen auzia.

Albisteak (3)