Itxi

EAE-ko Auzitegi Nagusia

Arraizen aurkako 'xake-mate' auzia artxibatu dute

Agentziak | Erredakzioa

Auzitegiaren arabera, Sortuko presidentearen hitzak ez ziren delitu izan, adierazpen askatasun eskubidearen baitan zeudelako.

Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkide ohia. Artxiboko irudia: EITB

Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkide ohiaren aurkako auzia artxibatu du EAEko Auzitegi Nagusiak. 2015eko urtarrilaren 12an, Guardia Zibilari "xake-mate ematea" eskatu zuen Arraizek prentsaurrekoan. Adierazpenek "delitu izaera" ez dutela ebatzi du Auzitegiak.

Hala, Iñigo Iruin abokatuak aurkeztutako apelazio helegitea onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak. Roberto Saiz magistratuak izapideak laburtzeko prozedura martxan jartzea erabaki zuen apirilaren 26an. Ahozko epaiketa edo artxibatzea eskatzeko aukera eman zien aldeei.

Abokatuak prozedura artxibatzea eskatu zuen, eta Estatuko Abokatutzak, ahozko epaiketa zabaltzea, Guardia Zibilari irain larriak egin zizkiolakoan. Gainera, Hasier Arraizi 16.000 euroko isuna ezartzea eta prozesu-kostuak ordaintzea eskatu zuen.

Diginidad y Justiciak eraman zuen auzitara Arraiz, akusazio partikular gisa.

Iñigo Iruinen helegitea onartuta, auzia behin betiko artxibatzea erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak. Epaia irmoa da, eta ez dago horren kontra helegitea aurkezteko aukerarik.

Adierazpen askatasunaren eskubidea

EAEko Auzitegi Nagusiko Zibileko eta Zigor arloko Salaren iritzian, Arraizen berbak adierazpen askatasun eskubidearen baitan zeuden, eta, beraz, ez ziren delitu izan.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, Auzitegi Konstituzionalak eta Auzitegi Gorenak emandako hainbat epai hartu ditu oinarri euskal auzitegiak epaia emateko, besteak beste, Arnaldo Otegik, Miguel Castellsek edota Arraizek berak egindako adierazpenen gainean emandakoak.

Auzitegiak argudiatu duenez, adierazpen batzuek delitu izateko indarkeria edo gorrotoa sustatu beharko dute, baina balekoak dira "mindu dezaketen horiek,  kezka eragin dezaketenek eta baita gustu txarrekoak ere".

Auzitegiaren iritzian, gainera, ordezkari politikoen adierazpenek "babes berezia" dute.

"Estatuko estoldei xake mate eman"

Sortuk baieztatu duenez, Hasier Arraiz alderdiaren presidentearen aurkako auziak "ez du sekula zentzurik" izan; "Estatuko estolderiak ordezkatzen dituzten guztiei, eta bertan bizi direnei, xake mate egin behar zaie", gaineratu du.

Alderdi abertzalearen esanetan, Arraizek "adierazpen askatasunaren eskubidearen eta jarduera politikoaren baitan" egin zituen adierazpenok. Arraizen kontrako akusazioa "Justiziaren erabilera politikoaren" ondorio izan zen, "ideologia zehatz bat estutzeko, alegia, euskal independentismoarena".

Era berean, Justizia "independentismoa -katalana eta Euskal Herrikoa- jazartzeko" erabili izana salatu du, "egunotan konfirmatu ahal izan dugunez", Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak eta Daniel de Alfonso Kataluniako Iruzurraren aurkako Bulegoko zuzendariak izandako elkarrizketak direla eta.

"Edonolako baliabideak eta Estatuko estoldak erabiltzea zilegi diren ideologien kontra egiteko ez da gauza berria Estatu espainiarrean. Hala sortu zuten GAL, Estatuaren arrazoiaren izenean hiltzeko, ez dute polizia, segurtasun agentziak eta epaileak erabiltzeari sekula utzi, Barne ministroak berak argi utzi duen bezala, haientzat ez baita arazo politiko ez etikoa modu horretan jardutea", azaldu duenez.

Albisteak (3)