Itxi

Torturaren biktimak

Arartekoak tortura boterearen erabileratik desagertzea aldarrikatu du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Igande honetan Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, aipatutako urrats hori ezinbestekotzat jo du Arartekoak benetako Zuzenbide Estatu batean.

Manu Lezertua, Arartekoa. EFE

Arartekoak larunbat honetan aldarrikatu duenez, "tortura boterearen erabileratik desagerrarazi behar da, benetako Zuzenbide Estatu batean", eta botere publikoei eskatu die giza eskubideak defendatzeko hartu dituzten konpromisoak bete ditzatela.

Igande honetan Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen dela aprobetxatuz, Arartekoak gogoratu du Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak honako hau diola: "Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere".

Tortura "ezein egoeratan" inoiz ez dagoela justifikatuta azaldu ostean, Arartekoak, adierazpen instituzional baten bidez, azpimarratu du Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak ez duela baimentzen eskubide hori indargabetzea, ezta salbuespen egoeretan ere.

"Torturaren debekua giza eskubideen muin gogorraren zati bat da, eta botere publiko guztientzat legezko betebehar saihestezina da torturatzeko edozein egintzaren kontra borrokatzeko babes-neurri eragingarriak hartzea", gaineratu du. Aldi berean, Arartekoak nabarmendu du tortura desagertzeko ahalegina prebentzioaren eremuan kokatzen dela.

"Prebenitzea debekatzea baino gehixeago da, izan ere, prebenitzeak ezinbesteko bihurtzen du atxilotuak edo espetxeratuak tortura edo tratu txarren pean jartzea berez erraztu edo ahalbidetzen duten faktoreak aztertzea. Baita beharrezko neurri zuzentzaileak berehala har daitezen sustatzea ere", errepikatu du.

Bestalde, "gure berme-sistemak dituen gabeziak" azaldu ditu, eta ohartarazi duenaren arabera "kezkagarria da tortura prebenitzeari dagokionez Espainian nagusitzen den egoera".

"Erreferentziako nazioarteko instantzia batzuek torturaren erabilera orokorraz hitz egiten ez badute ere, bai jartzen dute agerian, behin eta berriz, zailtasun handiak daudela poliziaren atxiloketa, lekualdatze eta galdeketa batzuetan eraginkortasunez ikertzeko torturaren hautazko erabilera", ziurtatu du.

"Arrisku handia"

Egoera horrek errealitatean "zigorgabetasun arrisku handia" sortzen duela ohartarazi du, "torturarekin lotutako arau-hausteen larritasunarekin ezin bateratuzkoa dena".

Horren harira honako hau ere gaineratu du: "Hori bezain kezkagarria da, magistratu talde ugari batek oraintsu adierazi duen bezala, nazioarteko eta Europako txosten eta epai batzuetan oinarrituta horrelako egoerak salatzen dituzten pertsonak izen ona gal dezaketela edo, areago, diziplina-prozedurapean jar ditzaketela, terrorismoaren kontra zorroztasunik edo sentikortasunik gabe jokatu dutelako akusaziopean".

Hori horrela, bere aburuz, Arartekoak torturaren biktimei beren nazioarteko egunean egin diezaiekeen zerbitzurik onuragarriena hauxe da: "jendaurrean adierazi ziur dagoela Zuzenbide Estatuaren jarduerak ez duela bilatu behar epe laburreko eragingarritasun zalantzagarri baina duintasunik gabea; eta botere publikoei eskatu une oro koherenteak izan daitezela nazioartean eta estatu barruan aldarrikatutako eskubideak defendatzeko hotsandiz hartu dituzten konpromisoak".