Itxi

Txostena

4.009 tortura kasu 1960az geroztik

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Aztertutako epean Polizia Nazionala bederatzi aldiz zigortu dute torturengatik, eta Guardia Zibila beste 12 aldiz. 50 funtzionario zigortu dituzte 32 pertsonari tratu txarrak emateagatik.

Jonan Fernandez Bakegintzarako idazkaria eta Francisco Etxeberria auzitegiko medikua. Irekia

1960 eta 2013 artean torturak Euskadin izan duen eragina aztertzeko txostena egin du EAEko Kriminologia Institutuak. Tortura jasan duten 4.009 pertsona identifikatu ditu Institutuak. Hala ere, kasuak 4.810 izan daitezkeela ohartarazi du erakundeak, batzuek tortura saio bat baino gehiago salatu dituztelako.

Eusko Jaurlaritzak Institutuari 2014an agindutako txostenaren ondorio nagusia da. Francisco Etxeberria auzitegiko medikuak zuzendu du azterketa, eta hiru medikuk, legelari batek eta 40 ikertzailek lagundu dute lanean.

Etxeberriak eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak gaur aurkeztu dute txostena. Agiria ‘Torturaren biktimei egia eta aintzatespena’ kongresuan aztertu behar dute, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Udako Ikastaroetan.

Aztertutako epean, Polizia Nazionala bederatzi aldiz zigortu dute torturengatik, eta Guardia Zibila beste 12 aldiz. 50 funtzionario zigortu dituzte 1979tik 1992ra 32 pertsonari (4 emakume eta 28 gizon) tratu txarrak emateagatik.

Ustezko egileei dagokienez, Guardia Zibilak 1.589 salaketa ditu, Polizia Nazionalak 1.561, Ertzaintzak 310, udaltzaingoek lau, espetxeetako funtzionarioek 19 eta beste batzuek 39.

Erkoreka: "Torturak ezin du indarkeria legitimatzeko balio"

Bestalde, Torturaren larritasunak ezin du “terrorismoaren indarkeria” justifikatu, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez. Hala, tratu txarrak “indarkeriaren baliabidea legitimatzeko, argudiatzeko edo desagerrarazteko” erabiltzerik ez dagoela gaineratu du. Erkorekak berak abiatu du Kongresua.

Maribel Vaquero Gipuzkoako Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea eta Francisco Etxeberria bera izan ditu lagun Justizia sailburuak ikastaroa abiatzeko ekitaldian.

“Giza eskubideen edozein urraketa motaren eta hura justifikatzeko edozein argudioren aurka” Exekutiboak duen konpromiso etikoa berretsi du Erkorekak.

Horrez gain, “opakutasunak errugabetasun baldintzak” sortzen dituela azpimarratu du Jaurlaritzako bozeramaileak, eta, hori dela eta, “iragana argitzea funtsezkoa” dela erantsi du.

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)