Eztabaida Madrilen
PP ez beste euskal alderdiek presoak hurbiltzea defendatu dute
Agentziak | Erredakzioa
EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta Podemos Euskadi Madrilgo Unibertsitate Complutenseko ikastaroan elkartu dira, bizikidetzaz eztabaidatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak bizikidetzaren inguruan atzo Madrilgo Unibertsitate Complutenseko udako ikastaroan egindako bi proposamenak - ETAren armagabetzea eta espetxe politika berria - hizpide izan dituzte gaur euskal alderdietako buruzagiek "ETArik gabeko Euskadi baterako bizikidetza proposamenak" ikastaroan.
Presoak Euskal Herrira hurbiltzearen alde agertu dira EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Podemos Euskadi; PP, aldiz, kontra azaldu da, sakabanaketak erakunde armatuaren porrotari mesede egin diola iritzita.
Mahai beraren inguruan bildu dira Andoni Ortuzar (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE-EE), Alfonso Alonso (PP) eta Nagua Alba (Podemos Euskadi), eta lehendakariaren proposamenak zein bakegintzaren gakoez mintzatu dira Madrilgo El Escorial herrian egiten ari diren udako ikastaroan.
EAJ
Urkulluk adierazitakoaren ildotik, Espainiako Gobernuak azken urteetan izandako espetxe politikaren eta sakabanaketaren kontra azaldu da Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak. Buruzagi jeltzalearen hitzetan, Rajoyren gobernuaren politika ETA jardunean zegoenean baino gogorragoa izan da.
ETArentzat ere izan du eskaerarik Ortuzarrek: "Behin betiko desagertzen dela adierazi behar du argi, oraindik ez du halakorik egin eta. Espainiako Gobernuak armagabetzea erraztu behar du, eta gizarteak, erakundeen eta gizarte eragileen laguntzarekin, hura babestu", erantsi du.
EH Bildu
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu duenez, ETAk esan du erabat armagabetzeko "borondatea" duena, eta orain, "Espainiako Gobernuaren teilatuan dago baldintzak eta testuingurua erraztea".
Koalizio abertzaleko kidearen aburuz, lehendakariak emandako epea baino, "prozesua burura eramaten dela bermatzeko baldintzak jartzea" da garrantzitsuena. Baldintzak, berretsi du Arzuagak, gobernu zentralak ahalbideratu behar ditu, "ETAk agertu baitu armagabetze prozesua aurrera eramateko borondatea, eta horren lekuko dira jarduera armatu gabe emandako bost urteak".
PSE-EE
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia harago joan da, eta "ETAren behin betiko desagertzea" aldarrikatu du. Buruzagi sozialistaren berbetan, horrez gain, "Euskadiren kontakizuna eraikitzea" falta da oraindik.
Espetxe politika hizpide hartuta, Langraitz Bidearen aldeko aldarria egin du Mendiak, eta PPk "lurpean" gorde duela deitoratu du. Euskal buruzagiaren esanetan, kartzela politika malgu horrek "arazo asko konponduko lituzke eta bizikidetza erraztuko luke".
PP
Espetxe politika aldatzearen kontra agertu da, bestalde, Alfonso Alonso Espainiako jarduneko Osasun ministro eta EAEko PPko presidentea. Alonso "harrituta" azaldu da EAJk presoen egoera "lehentasun" moduan planteatu duelako. PP, aldiz enpleguarekin, ekonomiaren hazkundearekin eta egonkortasun politikoarekin dago arduratuta, Alonsok azpimarratu duenez.
Horren harira, Urkulluk atzo egindako proposamenak EAEko hauteskunde autonomikoen kanpainaurrean kokatu ditu PPko buruzagiak.
Podemos Euskadi
Nagua Alba Podemos Euskadiko buruaren hitzetan, bake iraunkorraren aldeko "edozein ekimenen" aldekoak dira alderdi moreko kideak.
Albak nabarmendu duenez, ETAk jarduera armatua utzi ondoren jaiotako alderdia da Podemos, "horren ostetik sortutako bakarra". Horri esker, buru duen alderdian ideologia ezberdineko "pertsonak elkarrekin ari dira giza eskubideak errespetatu eta Euskadin bakea eta bizikidetza lortzeko helburuarekin".
helburuarekin".