Torturak
Tortura salaketak ez ikertzea egotzi dio Gorenak Auzitegi Nazionalari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak "kezkagarritzat" jo du Europak Espainia behin eta berriro zigortu izana torturak ez ikertzeagatik. Atxiloaldian tratu txarrak ekiditeko neurriak zorrotz aplikatzea exijitu du.
Iñigo Zapirain ETAko kideak egindako tortura salaketa ikertu ez izana aurpegiratu dio Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalari. Torturak ikertzea beharrezkoa dela eta inkomunikazioak irauten duen bitartean polizia gehiegikeriarik ematen ez dela bermatu beharra dagoela gogoratu dio Gorenak.
Hala dio Auzitegi Goreneko epai-mahaiak Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Saioa Sanchezen kontrako epaia baliogabetzeko eta epaiketa berriro egiteko agintzen duen ebazpenean.
Zapirainek Guardia Zibilari emandako testigantza torturapean egin zuela adierazi zuen eta, ondorioz, epailearen aurrean ukatu egin zuen atxilo-aldian aitortutakoa. Saioa Sanchezen kontrako froga bakarra Zapirainek Guardia Zibilari inkomunikazio-aldian egindako deklarazioa izan zenez, Sanchezen defentsak helegitea aurkeztu zuen.
Auzitegi Gorenak azpimarratu du Saioa Sanchezen kontrako froga bakarra Zapirainen deklarazioa izanik, Auzitegi Gorenak haren tortura salaketa ikertu egin behar zuela, eta, ikerketa baztertuta, zuzenbidea urratu zuela.
Horrez gain, Auzitegi Gorenak “kezkagarritzat” jo du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia behin eta berriro zigortu izana tortura salaketak ez ikertzeagatik.
Salaketa horiek ez ikertzeak justiziari zilegitasuna kentzen diola ohartarazi du eta gogora ekarri du poliziaren lehen betebeharra atxilotuta dauden pertsonen segurtasuna bermatzea dela.
Ildo horretan, Gorenak dio atxilo-aldian torturak eta polizia gehiegikeriak ekiditeko neurriak zorrotz aplikatu behar direla, atxilotuen eskubideak eta segurtasuna bermatuz.
Auzitegi Nazionalak 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zien hirurei, INEMen bulego baten aurka, Bilbon, lehergailu bat jartzea leporatuta.
zea leporatuta.