Primarioak Ahal Dugun
Ruben Belandia, Ahal Duguren hirugarren lehendakarigaia
RADIO EUSKADI | EITB.EUS
EHUko liburutegiko zuzendariordea da Leioako Campusean, eta zinegotzia Leioako Udaletxean. Beste bi hautagaiei egin beharko die aurre: Pili Zabala eta Juan Luis Uria.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ahal Dugu / Podemos Euskadiren lehendakarigaia izateko hirugarren batek bere burua aurkeztu berri du, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez. Hirugarren lehendakarigaia Ruben Belandia da. 55 urte ditu, EHUko liburutegiaren zuzendariordea da Leioako Campusean, eta Leioako zinegotzia.
Euskadi Aldaturen buru da Ruben Belandia, eta Ahal Duguren primarioetan aurkeztuko den hirugarren hautagaitza. Hori dela eta, datozen hauteskunde autonomikoetan Ahal Duguren buru izateko hirugarren hautagai bihurtu da Belandia.
Belandiak 55 urte ditu, eta EHUko liburutegiaren zuzendariordea da Leioako Campusean. Gainera, Esnatu Leioa alderdiko zinegotzia da Leioako Udaletxean, eta Stee-Eilas sindikatuko kidea da (eta lan-osasun arloko arduraduna ere izan zen).
Belandiak azaldu duenez, haren asmoa da "jatorrizko Ahal Dugura itzultzea, begirada sozialagoa sustatzea eta, aldaketak sakonak egin ahal izateko, gehiengoa lortzea". "Alderdi-bitasunari oposizioa egin nahi diot", azaldu du Belandiak. "Euskadin EAJk eta PSEk osatzen dute alderdi-bitasun hori, eta ezingo nuke inoiz haiekin gobernua partekatu, biek antzerki bera egin baitute bai Madrilen baita Euskadin ere: boterea partekatzen dute, baina aldaketarik egon ez daitezen".
Hiru hautagaitza
Euskadi Aldaturekin, guztira hiru hautagaitza izango dira lehian Ahal Duguren lidergoa eskuratzeko, Pili Zabalarenarekin eta Juan Luis Uriarenarekin batera. Dena dela, Belandiak ez du uste horrek zatiketa eragingo duenik, "uste baino gauza gehiago ditugulako amankomunean".
Belandiaren hautagaitza astelehen honetan aurkeztu dute ofizialki Durangon, eta datorren abuztuaren 1ean Ahal Duguren behin betiko lehendakarigaiaren izena jakinaraziko dute.