Autonomikoak
Feijook ere irailaren 25erako deitu ditu Galiziako hauteskundeak
Agentziak | Erredakzioa
Nuñez Feijook arratsalde honetan bildu du Gobernua, eta erabakiaren berri eman die kontseilariei.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Galiziako hauteskundeak irailaren 25ean egingo dituzte, Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidenteak gaur, astelehena, iragarri duenez.
Galiziako hauteskundeak irailaren 25ean egingo dituzte, Alberto Nuñez Feijoo bertako presidenteak iragarri duenez. Nuñez Feijook arratsalde honetan bildu du Gobernua, eta erabakiaren berri eman die kontseilariei, prentsaurrekoan esan duenez. Presidenteak azaldu duenez, arduragabea litzateke hauteskundeak deitzea astebete edo egun batzuk geroago, EAEko hauteskundeak erreferente hartuta, bakarrik esanari eusteko; izan ere, adierazia zuen "urrian" izango zirela botazioak.
Agintari galiziarrak esan duenez, hauteskundeak 25aren ondoren egitea ez litzateke egokia izango ez Galiziarentzat, ezta Espainiarentzat ere, "une honetako egoera politikoa kontuan hartuta, azken hilabeteotako hauteskunde prozesuek eragindako ezegonkortasuna areagotu egingo luketelako", esan du.
"Uste dut seriotasuna eta ardura eskatu nahi bada, eta herrialdera egonkortasuna ekartzeko helburua baldin bada, logikoena da hauteskundeak EAEkoekin batera egitea", Feijooren esanetan.
Gainera, Galiziako Gobernuaren presidentearen arabera, hauteskundeak egun horretan egitea erabaki dute "derrigorrezkoa delako Autonomia Estatutuaren arabera, legealdia udazkenean bukatzen baita".
Hedabideen aurrean egindako agerraldian Feijook gaineratu duenez, igaro den legealdi horretan Galiziak "erantzukizuna, egonkortasuna eta seriotasuna ekarri dio Espainiari", eta autonomia erkidegoak ildo horri eutsi nahi dio.