Gobernu osaketa
Rajoy: 'PSOEk ezetzari eusten badio hauteskundeak errepikatuko dira'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Popularrarekin' bildu ostean kezkatuta agertu da Sanchez, nahikoa babes lortzen ez badu inbestidurara aurkeztuko ote den argitu ez diolako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Sozialistek ezetzari eusten badiote Espainian hirugarren hauteskundeak izango direla ohartarazi dio Mariano Rajoy jarduneko Espainiako gobernuko presidenteak Pedro Sanchez PSOEko buruari. Rajoyk azpimarratu duenez, PSOEren konpromisorik ez badago ez da posible inbestidura aurrera ateratzea.
Rajoyk ez du argitu gaur abiatu duen bilera erronda amaitutakoan nahikoa babes lortzen ez badu inbestidurara aurkeztuko den ala ez. Gaur Pedro Sanchezekin elkartu da Espainiako Diputatuen Kongresuan eta bihar Albert Rivera Ciudadanoseko buruarekin bilera egingo du.
Inbestidurarako sozialisten babesa lortze aldera, erreforma instituzionalen edota politika ekonomikoari buruzko lau lantalde eratzea proposatu dio Rajoyk Sanchezi. Halaber, Europak ezarritako helburuak betetzea eta aurrekontu proiektua aurreikusitako epean aurkeztea ere lortu nahi du Rajoyk aipaturiko lau lantalde horiek osatuta. Gainera, akordio handien inguruko "elkarrizketa" eskaini dio Rajoyk Sanchezi eta "behar den denboran" negoziatzeko prest dagoela gaineratu du.
Espainiako jarduneko presidentearen hitzetan, PP eta PSOE banatzen dituena baino gehiago da batzen dituena.
Lehendabiziko inbestiduran porrot egingo lukeela jakinda, beti ere, bigarren bozketa bati begira jarrerak biguntzeko balioko balu, aurkezteko prest egongo litzatekeen galdetuta ironiaz erantzun du Rajoyk: "Jarrerak lehenago beratu beharko lirateke eta, horrela, denbora galtzea saihestuko genuke". "Jarrerak biguntzeko prozesuan nago orain eta gerokoaz hitz egingo dugu aurrerago", gaineratu du.
Rajoyren inbestidurari ezetz esango diotela esan du berriro Sanchezek
Mariano Rajoyren balizko inbestiduran sozialistek ezezko botoa emango dutela esan dio berriro Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Mariano Rajoy jarduneko Espainiako gobernuko presidente eta 'popularren' buruzagiari. Gainera, uko egin dio "koalizio handi bat" osatzeko Rajoyk egindako eskaintzari eta babesa "eskuineko" alderdiengan bilatzeko eskatu dio.
"Ezkerrak ez ditu eskuinak babestuko", adierazi du Sanchezek Rajoyrekin Espainiako Diputatuen Kongresuan ordubete inguruko bilera egin eta ondoren eskaini duen prentsaurrekoan.
PSOEko buruzagia "kezkatuta" agertu da, nahikoa babes lortzen ez badu inbestidurara aurkeztuko ote den ala ez argitu ez diolako, eta ekainaren 26ko hauteskunde orokorrak izan eta hilabete pasatxora Espainiako gobernuko presidente izateko PPren hautagaiak 132 diputatu 'popularren' babesa baino duelako.
Halaber, lehenbailehen gobernua osatzea eskatu dio Sanchezek Rajoyri, ekonomiaren hazkundea eta enplegu sorrera egonkortzeko.
Sanchezek adierazi duenez, haren alderdiak Rajoyren balizko inbestidura ezezko botoa ematea adostu zuen, haren esanetan, ez dutelako aldatu nahi duten hori babestuko.
Bestalde, legegintzaldia hasitakoan PSOE oposiziora joango dela eta oposizio "erabilgarri eta eraikitzailea" egingo duela azpimarratu du. Aurrera begira, hezkuntza itunari, pentsio sistemari eta Konstituzioaren erreformari buruzko "akordio handiak" eskainiko dituela esan du.
Buruzagi sozialistaren hitzetan, Rajoyk ez dio sozialisten abstentzioa negoziatzeko inolako proposamenik egin idatziz. Horren aurrean, Sanchezek esan omen dio PSOEk ez duela ezer negoziatzeko eta inbestidurako bi bozketatan kontra bozkatuko dutela sozialistek.
>
>
>