Hauteskunde autonomikoak
Larrionek Gasteizko 'eredua' Legebiltzarrera eraman nahi du
Agentziak | Erredakzioa
Zehaztu duenez, hauteskundeen ostean garrantzitsuena ez da EH Bilduk norekin bat egin dezakeen, baizik eta 'jendartearen nahiak beste guztiaren gainetik jartzea'.
Irailaren 25eko hauteskundeei begira EH Bilduren Arabako zerrendaburua den Miren Larrion Gasteizko "eredua" Eusko Legebiltzarrera eramatearen alde agertu da gaur. Bertako Udalean oposizioak ahalbidetu zuen EAJk Alkatetza eskuratzea, nahiz eta ez zen izan boto gehien eskuratu zituen alderdia.
Larrionek Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egin ditu adierazpen horiek. Izan ere, bertako zaindariaren jaiak ospatzen ari dira egun hauetan, eta bera EH Bilduren bozeramailea da udal horretan.
Ezker abertzalearen hautagaiak adierazi du hauteskundeen deialdiak bere alderdia "lanak eginda" harrapatu duela. Horrez gain, gogorarazi nahi izan du hauteskunde horiei begira EH Bilduk defendatuko dituen planteamendu nagusienetako batzuk prekarietatearekin amaitzea eta hezkuntza- eta osasun-sistemak hobetzea izango direla.
Halaber, argi utzi du erabakitzeko eskubideari buruz, bere koalizioak "aldarrikapenak praktikara eramatea" defendatzen duela, eta bakegintzari dagokionez, "atzera buelta gertatzea ezinezkoa egingo duten urratsak" ematearen alde mintzatu da.
EH Bilduren asmoa "mundu guztiarentzat bizi- eta lan-baldintza hobeagoak lortzea" dela azpimarratu du, eta, horretarako, Gorka Urtaran (EAJ) Gasteizko alkate bihur zedila ahalbidetu zuen akordioaren gisako formulen alde egin du, nahiz eta hura ez zen izan botorik gehien lortu zuen alderdiko hautagaia.
"Gasteizen egin zen bezala, siglen gainetik desberdinen artean adostasunak lor daitezkeela badakigu, eta, era horretan, lehentasuna eman herritarren nahiei alderdi politikoen nahien aurrean", adierazi du.
Zehaztu duenez, hauteskundeen ostean garrantzitsuena ez da EH Bilduk norekin bat egin dezakeen, baizik eta "jendartearen nahiak beste guztiaren gainetik jartzea".
"Gasteizen EAJ babestu genuen, eta Legebiltzarraren kasuan EAJrekin, Ahal Dugurekin edota beste edozeinekin lan egiteko prest gaude, betiere akordio horrek jendearen eskubideak irmotzea badakar".
Azpimarratu duenez, "ezin da berriz galdu Euskal Herrian urrats kualitatibo bat emateko aukera".
mateko aukera".mateko aukera".