Itxi

EAE-ko hauteskundeak

Otegi: 'EH Bilduk irabazi egingo ditu bozak'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Bestalde, Jasone Agirrek azaldu du bere lana "herritarrei entzutea eta haien kezkak erakundeetara eramatea" izango dela.

Miren Larrion, Arnaldo Otegi eta Jasone Agirre. EFE

Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiak esan du koalizio abertzaleak irabazi egingo dituela EAEko hauteskundeak, eta "bultzagarria" izango dela.

"Herrialdeak iparra galdu du ikuspuntu sozialetik eta politikotik, erabakiak ez direlako hemen hartzen", ohartarazi du ezker abertzaleko buruak.

EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini du gaur Bilbon, Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburua aurkezteko.

Otegiren esanetan, erabakiak EAEn hartu behar dira, eta "Estatuarekin akordioa lortzea posible dela esaten dutenak, EAJ eta Podemos kasu, kea saltzen ari dira".

Zizeron aipatuta, bere helburua hauxe dela adierazi du lehendakarigaiak: "Gobernu zintzoa sortzea, lege bidezkoak onartzea eta herritarrak kulturadunak izatea. Gizarte justuagoa, igualitarioa eta zoriontsua nahi dugu".

Bestalde, Otegik kritikatu egin du hauteskundeetara aurkeztea posible izango duen edo ez eztabaida: "Eztabaida hori ez da garrantzitsua, badaude inportanteagoak".

"Eztabaidak ez luke izan behar aurkezterik izango dudan edo ez. Zergatik pertsona bat ezin den aurkeztu izan beharko litzateke eztabaida", iritzi dio.

"Ni ez nago legeen gainetik; Barcenas eta espetxean izan ez diren politikari ustelak, dira legearen gainetik daudenak", deitoratu du.

Bestalde, Jasone Agirrek azaldu du orain arte langileen eskubideen eta euskal kulturaren alde egin izan duela lan (LABen ordezkaria izan da EiTBn, eta hainbat kultur elkartetan parte hartu du).

Agirrek esan du ez duela "gehiegi" gustuko egungo politikagintza. "Otegik esan zidan hori seinale ona dela: ez zait ikuskizun-politika gustatzen. […] Nire lana herritarrei entzutea izango da, eta haien kezkak erakundeetara eramatea", laburbildu du.

Albisteak (3)