Inbestidura
Riverak 6 baldintza jarri dizkio Rajoyri, haren alde bozkatzeko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ciudadanoseko buruak ez du dagoeneko eskatzen PPren hautagaia Rajoy ez izatea.
Albert Rivera Ciudadanoseko buruak Mariano Rajoy PPko hautagaiaren alde bozkatzeko aukera aitortu du lehen aldiz, eta babes hori ematea eskaini dio sei baldintzaren eta inbestidura saioari data jartzearen truke.
Kongresuan eskainitako prentsaurreko batean, Riverak azaldu du baldintza horiek onartuz gero Rajoyri ‘baietza’ emateko negoziazioak abiatuko lituzketela.
Laburbilduz, baldintzok hauek dira: inputatuak Gobernuan edo Parlamentuan izatea galaraztea; diputatuen babes judizial bereziak kentzea; hauteskunde legea erreformatzea; ustelkeriagatik kondenatutakoei indulturik ez ematea; agintaldi kopurua 8ra mugatzea eta Barcenas auziaren harira ikerketa batzordea sortzea.
Riveraren esanetan, proposamen horiek ez dira errefusatzeko modukoak PSOErentzat, “elkar-ulertze espazio minimoa” baitira, Espainia “martxan jar dadin”.
Ciudadanosen prentsaurrekoaren berri izan eta gero, PPk esan du Rajoyk bihar erantzungo duela, eta PSOEk berretsi egin du ezetz bozkatuko dutela.
Pablo Iglesias Podemoseko buruak aurreratu du Riverak eliteen aginduak betetzen dituela eta Rajoyren alde bozkatuko duela.