Itxi

EAEko hauteskundeak

Maddalen Iriarte kazetaria, EH Bilduko bigarrena Gipuzkoako zerrendan

EiTB.EUS

Leer en Castellano

Arnaldo Otegi zerrendaburuaren atzetik agertuko da Iriarteren izena; Otegi lehendakarigaia da, baina Fiskaltzak ohartarazi du Otegi ezin dela hauteskundeetara aurkeztu.

Maddalen Iriarte. Argazkia: EiTB.

Maddalen Iriarte kazetaria izango da EH Bilduko bigarrena Gipuzkoako zerrendan, irailaren 25ean egingo diren EAEko hauteskunde autonomikoetan. Hala eman du jakitera Gara egunkariak larunbat honetan. Iriarte, zeina EH Bilduk asteartean aurkeztuko duen, Arnaldo Otegi zerrendaburuaren atzetik azalduko da; Otegi lehendakarigaia da, baina bere hautagaitza Gipuzkoako hauteskunde-batzarraren, eta, azken finean, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain dago.

Maddalen Iriartek ibilbide luzea egin du kazetari. 30 bat urtean lan egin izan du ETBko albistegietan, editore eta aurkezle; zenbait sari jaso ditu hainbat arlotan egindako lanagatik, hala nola berdintasun-arloan, eta ekimen politiko batzuetan parte hartu du. Azken urteotan, 'Azpimarra' saioa zuzendu eta aurkeztu du, ETB1en.

EH Bilduk datorren astean erregistratuko ditu hautagaitzak. Abuztuaren 24an argitaratuko dituzte, eta ondorengo bi egunetan inpugnazioak aurkezteko aukera izango da, Hauteskunde Batzordearen aurrean. Aipatu Batzordeak abuztuaren 29an aldarrikatuko ditu behin betiko zerrendak, eta 30ean plazaratu. Nola Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak idazkia egin duen, ohartarazteko Arnaldo Otegi ezin dela aurkeztu (Otegi EH Bilduren lehendakarigaia da), epaileak, gehienez, irailaren 3an eman beharko du epaia. Beste bi egun egongo dira Auzitegi Konstituzionalean babes eskeko errekurtsoa aurkezteko. Hauteskunde-kanpaina irailaren 9an hasiko da.

Miren Larrion izango da Arabako zerrendaburua, eta Jasone Agirre Bizkaikoa; biek, Arnaldo Otegirekin batera, EH Bilduren zerrendaburuen taldea osatzen dute. Orain, Maddalen Iriarte izango da Otegiren atzetik Gipuzkoan.

Albisteak (6)