Elkarrizketa
Urkulluren ustez, hirugarren hauteskundeak izateko aukera garbia dago
Agentziak | Erredakzioa
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakaria "harrituta" agertu da asteazken honetan Mariano Rajoy inbestidura-saiorako datarik jarri ez duelako. Gainera, ez ditu Ciudadanos alderdiak Alderdi Popularrari ezarri zizkion sei baldintzak balioetsi, eta, beraz, Urkulluren ustez, "une honetan" hirugarren hauteskundeak izateko "aukera garbia" dago.
Lehendakariak adierazi du EAJk "ez eta ez" esango diola Rajoyri, eta, bere aburuz, PPren eta Ciudadanosen arteko batura Alderdi Popularrak "ohi ez bezalako indarrez jorratutako birzentralizazio garaia" baino are kaltegarriagoa izango dela euskal herritarrentzat.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, Urkulluk esan du "arduratzekoa" dela Rajoyk atzo esan izana ez dela horren garrantzitsua inbestidura eta bai gobernu egonkor bat; izan ere, gobernu horrek ez du egonkortasunik izango, zenbakiek ez dutelako horrela izatea ahalbidetzen.
Espainiako presidente izateko dagoen balizko beste aukera bati buruz, Urkulluk gaineratu du badirela landu beharreko beste aukera batzuk, baina inor ez dela horretan lanean ari. "Alderdi handien aldetik ez dago egoera honi irtenbidea emateko ahaleginik", horren ustez
Bestalde, Urkulluk esan du azken hilabeteetan ez duela Mariano Rajoyrekin hitz egin. "Ez dago elkarrizketarik" Gobernu zentraleko ordezkariekin, azaldu du.
Otegiren hautagaitza
Euskal Autonomia Erkidegoan irailaren 25ean egingo diren hauteskunde autonomikoetan Arnaldo Otegi lehendakari izateko hautagaitza bertan behera uzteko balizko aukeraren aurrean, Urkulluk azpimarratu du bera eta EAJ beti izan direla ezker abertzaleko alderdiak legez kanpo uztearen kontrakoak, "alderdi politiko guztiek izan behar baitute ordezkaritza izateko aukera". Bateragune auziaren prozesuaren nondik norakoen gainean ere iritzi "garbia" eman duela esan du.
"Hortik aurrera, alderdiak jaun eta jabe dira euren barne-prozesuen eta hautagaien gainean erabakiak hartzeko. Ezker abertzaleak edo EH Bilduk erabaki du lehendakari izateko bere hautagaia Arnaldo Otegi izango dela. Nik ez dut horri buruz gehiago esaterik. EH Bilduk eta Sortuk kontuan hartuko zuten Otegiren gainean zeuden inguruabarrak", gaineratu du.
Bere hautagaitza indargabetuz gero gertatuko litzatekeen "hauteskunde-iruzurra" ekiditeko Otegik egin zion deiari buruz, esparru horretan ez duela inolako eskuduntzarik argitu du Urkulluk.
"Injerentzia" eta "biktimismoa"
Urkulluren iritzian, baina, kasu horretan sobera daude Rafael Catala jarduneko Justizia ministroaren eta Espainiako Gobernuko jarduneko beste ministro batzuen "harrokeria eta injerentzia".
"Sobera dago harrokeria, sobera dago injerentzia, eta sobera dago ezker abertzalearen biktimismoa ere, gehiago edo gutxiago aurreikus zitekeen baina jakina zen egoera horren aurrean", adierazi du.
"Galdeketa"
urkulluk baieztatu duenez, EAJk euskal autogobernuari buruzko galdeketa jasoko du berriro bere hauteskunde-programan, baztertu ezinezkotzat jotzen baitu; dena dela, hori egin aurretik, adostasuna egon behar du Euskadiko alderdien artean eta baita hitzarmena ere Gorte Nagusietan.
Duela lau urteko hauteskunde-kanpainan EAJk galdeketa egiteko data 2015ean ezarri bazuen ere, adierazi du ez duela porrot gisa hartzen hura gauzatu ez izana, ezta Eusko Jaurlaritzako autogobernuari buruzko batzorde-txostengilean adostasunik egon ez izana ere; izan ere, horren esanetan, "nahikoa oinarri" daude alderdien artean akordioa egon dadin.
"Legegintzaldi honetarako jarri nuen data, uste bainuen Espainiako Estatuko errealitateak alderdien eta erakundeen artean eredu plurinazionalaren errealitate berriari buruzko negoziazioa egon zedila errazten eta, are gehiago, eskatzen zutela", gaineratu du.
"Egiteke dagoen zeregin bat da, beharrizan bat, ez bakarrik Euskadirentzat, baita Estatu espainiarrarentzat ere", adierazi du Urkulluk.