Krisia PSOE-N
PSOEren Batzorde Federaleko presidentea: 'Agintedun bakarra ni naiz'
Agentziak | Erredakzioa
Veronica Perezen hitzetan, Sanchez "bereari eusten ari zaio", eta "duintasun politiko eta pertsonala" edukitzeko eskatu dio.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ozen eta argi hitz egin du Veronica Perez PSOEren Batzorde Exekutibo Federaleko presidenteak gaur sozialisten egoitza aurrean: "Une honetan, PSOEn agintea duen bakarra Batzorde Federaleko presidentea da, ni neu".
"Batzuei gustatu ez arren, une honetan, ni naiz alderdian agintea duen bakarra, ni aukeratu nindutelako batzordekideek horretarako", adierazi du.
Sanchezekin kritiko diren kideetako bat da Perez, eta sozialisten egoitzara joan da gaur, haren dimisioa behartzeko asmoz, PSOEren Etika eta Bermeen Batzordearen bilera idatziz eskatzera. "Espero dut inork erakunde hori bahitzen ez ibiltzea. Hori bakarrik falta zaigu", gaineratu du. Perezek bi ordu eman ditu egoitzaren atarian, Antolakuntzako kideren bat agertu zain. Ez da halakorik gertatu, eta, azkenean, joan egin da.
Perezek Etika eta Bermeen Batzordearen bilera deitu zuen atzo, baina Isabel Celaa erakunde horretako presidenteak erantzun omen zion hori egiteko eskuduntzarik ez zuela. Perezen hitzetan, batzorde horretako bost kideetako laurekin mintzatu zen atzo. Celaak (Sanchezen aldekoa da), ordea, ez zion telefonoa hartu, Perezen esanetan.
"Araudian eta estatutuetan amarru bila dabil Sanchez bereari eusteko. Jarrera hori ez da alderdi honen, bere siglen, balioen eta historiaren arabera jokatzea", azpimarratu du.
PSOEn gertatzen ari dena penaz ikusten ari dela esan du Perezek, eta ardura eskatu die denei. Sanchezi "duintasun politiko eta pertsonala" eskatu dizkio. "Idazkari nagusia ni banintz, 17 alderdikidek dimisioa emango balute, etxera joango nintzateke", azaldu du.
Andaluziako PSOEren kidea da Perez, Susana Diazen gertukoa.
"Aldebakarreko deialdi baliogabea"
Perezi Celaak berak mezu elektroniko baten bidez jakinarazi zion atzo Bermeen Batzordearen bilera deitzeko "aginterik ez" zuela, eta gaur bertan, ohar bidez gogorarazi du Ferrazek.
Hala, PSOEren Antolakuntza Idazkaritzak "baliogabetzat" jo du Batzorde Federalaren presidenteak egindako deialdia, "aldebakarrekoa" dela argudiatuta.
Alderdiaren estatutuen arabera, Bermeen Batzordearen bilera erakunde honetako idazkariak bakarrik deitu dezake, aurrez Isabel Celaa presidenteak hala eskatuta. Ez du egin, ordea.
"Veronica Perezek Batzorde Federalaren presidente gisa egin duen ustezko deialdia aldebakarrekoa da, ez duelako erakunde horretako gainerako kideekin adostu. Gainera, hari dagozkion funtzioez harago joan da presidentea, Batzorde Federalaren eztabaidak zuzentzea baino ez dagokio-eta", irakur daiteke agirian.
aiteke agirian.