Nafarroa
Hobitik ateratzeko prozesua eteteko eskatu du Sanjurjoren familiak
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Udalak hartutako erabakia "politikoa" dela, eta, beraz, Memoria Historikoaren legearen "kontrakoa" dela uste dute militarraren senitartekoek.
Iruñeko Udalaren erabakiz, Sanjurjo jeneral frankistaren gorpuzkiak hobitik ateratzeko abiatutako prozesua geldiarazteko eskatu du gaur militarraren familiak.
Nafarroako hiriburuko Eroritakoen Monumentuko kriptan hilobiratu zuten Sanjurjo, Mola jeneralarekin eta beste sei militarrekin batera. Horiek denak hobitik ateratzeko erabakia "politikoa" dela esan du orain familiak, eta, beraz, Memoria Historikoaren legearen "kontrakoa". Prozesuak "lege akatsak" izan dituela uste dute militarraren senitartekoek, gainera.
Azaroaren 16an ziren gorpuzkiok ateratzekoak. Ondoren, egiaztatze eta dokumentazio lanak bukatuta, gorpuzkiak senitartekoei emateko asmoa zuten, kripta hilerri gisa itxita. Familia jakinaren gainean zegoela esan zuen Udalak.
Sanjurjoren senitartekoen esanetan, ordea, Asiron alkateak hedabideei egindako adierazpenen bidez izan zuten erabakiaren berri, eta espedientea Legeak jasotzen dituen "irizpide eta baldintzak kontuan hartu gabe" ireki zuen Udalak.
Kripta "leku pribatua da, ez hilerri bat"
Jeneralaren senitartekoek nabarmendu dutenez, kripta "leku pribatua da, ez hilerri bat", eta, beraz, ez dator bat Nafarroako hileta osasunaren araudian jasota dagoen definizioarekin.
Euren ustez, hobitik ateratzeko prozesuak askatasun erlijiosoaren legea "urratzen" du, baita Espainiak eta Vatikanoak kultuzko lekuen inguruan adostutakoa ere. Horren arabera, kripta "Eliza Katolikoaren kulturako eta hobiratzeko lekua da, erabilera pribatukoa".
Sanjurjoren senitartekoak Madrilen bizi dira, eta diotenez, Udala ez zen eurekin harremanetan jarri. Salatu dutenez, "txosten juridikoak idazteko eta fede-emateko eskuduntza" duen udal idazkaria ere prozesutik kanpo utzi du Asironek, haren lanak "udal taldearen irizpide politikoen menpe" geratuta.
>
>
>