Gerra zibila PSOE-N
Sanchezek dimisioa emango luke, Batzordeak abstenitzea erabakiko balu
eitb.eus
"Ezingo nuke erabaki hori kudeatu", adierazi du PSOEko idazkari nagusiak.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak iradoki du dimisioa emango lukeela, larunbat honetan alderdiko Batzorde Federalak Mariano Rajoy PPko buruaren balizko inbestidura saioan abstenitzea erabakiko balu.
"Bihar [larunbat honetan] Batzorde Federalak jarrera aldatzea eta [Mariano Rajoyren aurrean] abstenitzea erabakiko balu, nik ezingo nuke kudeatu ados ez nagoen erabaki bat. Gurasoek irakatsi zidaten mantendu behar dudan gauza bakarra hitza eta nire ideial direla", adierazi du, alderdiko zuzendaritzako kritikoek dimisioa eman ostean egindako lehen agerraldi publikoan.
Sanchezek defendatu egin du Batzorde Federalak onartu zuen 'ibilbide orria', hots, Rajoyren aurka bozkatzea.
Horren esanetan, ez du "inoiz" pentsatu abstentzioaren alde dauden alderdikideak "eskuinetik gertu" daudenik, baina ohartarazi du Rajoyren inbestidura errazteak "ondorioak" izango lituzkeela eta hori "akatsa" izango litzatekeela "milioika progresitarentzat".
"Abstentzioak xantaiaren legegintzaldia irekiko luke, eta PSOEk ezingo lituzke blokeatu Estatuko Aurrekontuak edo Rajoyren Gobernuaren lege garrantzitsuenak", nabarmendu du.