Krisia PSOE-N
Gaur bilduko da PSOEren batzorde kudeatzaile berria
Agentziak | Erredakzioa
Alderdiaren funtzio exekutiboak hartuko ditu bere gain talde berriak, Kongresua egin arte. Javier Fernandez izango da presidentea.
Pedro Sanchezek dimisioa eman ondoren, gaur, astelehena, egingo du lehendabiziko bilera PSOEren batzorde-kudeatzailea berriak. 12:00etan da hitzordua, Ferrazeko egoitzan, Madrilen.
Alderdi sozialistak agiri baten bidez jakitera eman duenez, bilera amaitutakoan prentsaren aurrean agertuko da Javier Fernandez batzorde-kudeatzaileko presidentea. PSOEren hurrengo Kongresua deitu arte, Asturiasko sozialisten buruak hartuko du bere gain alderdiaren funtzio exekutiboen buruzagitza.
Batzorde Federalak onartu zuen, atzo, batzorde-kudeatzaile berria osatzea. Fernandez izango da presidentea, eta Susana Diaz Andaluziako presidentearen konfiantzazko bi pertsona ere taldean arituko dira: Andaluziako Parlamentuko bozeramaile sozialista, Mario Jimenez, eta Kordobako PSOEko diputatuetako bat, Maria Jesus Serrano.
Horiez gain, honako politikari hauek ere izendatu dituzte: Frances Antic Baleareseko presidente ohia, Asunción Godoy eta Soraya Vega (Extremadurako federaziokoak biak), Jose Muñoz Lladro Valentziako gazte sozialisten burua, Maria Dolores Padron kanariarra, Ricardo Cortes Kantabriako diputatu erregionala, eta Francisco Ocon (Cesar Luenaren ondokoa Errioxako Antolakuntza idazkari lanetan).
Hamaikagarrena Kataluniako Alderdi Sozialistako kideetako bat izango da, baina ez dute jakinaraziko federazio kataluniarrak Kongresua egin arte.
Lurraldeka dago antolatuta batzorde berria. EAEko eta Nafarroako federazioak kanpoan geratu dira. Baita, Galiziako, Aragoiko eta Gaztela Mantxako taldeak ere.
Eta orain, zer?
PSOEren baitan azken orduotan gertatutakoa ikusita, horixe da ziurrenik ere gehien errepikatutako galdera, zer gertatuko ote den hemendik aurrera. Alderdiaren berregituraketaz gain, sozialisten noranzko berria ulertzen lagunduko duten urratsak dira honakoak:
-Batzorde Federal berria
Gestora berria izendatu eta gero, Batzorde Federala deitu dute datorren larunbatean, urriaren 8an. Bilera horretan, Rajoyren inbestidura berri baten aurrean zer egin erabaki beharko dute. Abstenituz gero, PPren gobernua ahalbidetuko lukete; orain arte Sanchezek defendatutako "ezezkoari" eutsita, berriz, hauteskunde orokorrak deitu beharko lirateke ziurrenik ere, hirugarren aldiz urte honetan.
-Ezohiko kongresuaren egutegia
Oraingoz ezinezkoa da sozialisten kongresua noiz egingo den aurreratzea. Izan ere, Rajoyren inbestidura ahalbidetzea erabakiz gero, kongresua martxan jartzeko prozedura berehala abiatuko lukete; "ezetzari" eutsi eta ostera ere hauteskunde orokorrak egiten badira, aldiz, 2017ra arte ez litzateke batzarrik antolatuko, eta Moncloarako hautagaia aukeratu beharko lukete barne-hauteskundeen bidez.
-Sanchez vs. Diaz
Litekeena da Susana Diaz Espainiako Gobernuko presidentegai sozialista izendatzeko hautagaien zerrendan egotea. Aste honetan adierazitakoaren arabera, "militanteek nahi duten tokian jartzeko prest egongo da". Dena den, Pedro Sanchezek ere ez du oraindik baztertu berriz aurkeztea, ez baititu dimititu ondorengo planak zehaztu.
ehaztu.