Itxi

Jaurlaritza berria

Bigarren bilera sorta bat egingo du EAJk, EH Bildu eta PSE-EE jomuga

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ortuzarren hitzetan, bi alderdiek bakarrik erakutsi dute gobernu "sendo eta irekia" osatzeko asmoa.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak iragarri duenez, jeltzalek "bigarren elkarrizketa sorta bat" zabalduko dute, batez ere PSE-EErekin eta EH Bildurekin negoziatzeko. Asmoa, EAJren buruzagiaren esanetan, Euskadiri "gobernu sendo eta irekia" ematea da, "bai legeak bai aurrekontuak" egiterakoan indarra izateko. Hori lortzeko, "ahaleginak" egingo dituztela nabarmendu du Ortuzarrek.

Iñigo Urkulluren inbestidura azaro amaieran egitea nahiko luke EAJk.

Irailaren 25eko hauteskunde autonomikoen ondotik, gobernagarritasuna bermatzeko bilera sorta antolatu zuen EAJk. Joan den astean EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariekin bildu ziren Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria eta Andoni Ortuzar bera. Asteon, PSE-EEko eta PPko bozeramaileekin batzartu dira.

Batzarron balorazioa egin du Ortuzarrek Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Horren hitzetan, PSE-EE eta EH Bildu bakarrik azaldu dira gobernagarritasuna bermatzearen alde. PP eta Elkarrekin Podemos, berriz, "elkarrizketarako prest agertu dira", baina gobernutik kanpo geratu nahi omen dute.

Hori horrela, "bigarren elkarrizketa sorta bat" zabalduko du EAJk, "akordio estrukturalak eta unean unekoak bereizita". Hala, oposizioko talde guztiekin bilduko da "Eusko Legebiltzarreko erakundeak sortu eta dagokien izendapenak adostu ahal izateko".

Bizikidetza ituna, EH Bilduri

EH Bildu eta PSE-EE alderdiekin egin beharreko bileren datak oraindik ez daude zehaztuta, Ortuzarren esanetan. Legegintzaldi honetan jeltzaleek dituzten 10 proposamenen agiriari erantzuteko geratu zien biak ala biak, eta biltzeko data erantzun hori jasotakoan jarriko duela argitu du. "Dena den, denbora nahikoa dago", erantsi du EAJko buruzagiak. 

EH Bilduren kasuan, dena dela, bake eta bizikidetzaren alorrean aurretiazko akordio bat beharrezkoa dela nabarmendu du Ortuzarrek.

EAJren presidentearen hitzetan, ez dute akordioaren formula zein izan behar duen "aurrez ezarri". "Ez dago marra gorririk, edukiak dira garrantzitsuena", argitu du.

Bi alderdien artean lehentasunik ote duen galdetuta, ezetz erantzun du Ortuzarrek. "Biekin egingo ditugu ahalegin berak", esan du. Jeltzaleen buruak aitortu duenez, orain arte bi indarrokin izandako harremanak "oso ezberdinak" izan dira. "Sozialistekin badugu eskarmentua", adierazi du, udaletan eta aldundietan egonkortasuna bermatzeko duten ituna gogoan hartuta. EH Bildurekin, ordea, "blokeo egoera batetik gatoz", baina arlo horretan ere, baikor azaldu da Ortuzar, joan den asteko bilerak bi alderdien artean izan diren "konfiantza eta adostasunik ezaren aurrean inflexio-puntua" izango delakoan.

Albisteak (3)

Bideoak (1)