Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Maura, Legebiltzarreko Mahaian gehiengo 'aurrerakoia' osatzearen alde

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EH Bilduren eta PSE-EEren jarrera kritikatu du Podemosen diputatuak, "gauzak orain arte bezala jarrai dezaten" EAJri egindako "eskaintza sorta" dela eta.

Eduardo Maura Podemos Euskadiren Bizkaiko diputatuak Eusko Legebiltzarreko Mahaian gehiengo "aurrerakoia" osatzeko deia egin die PSE-EEri eta EH Bilduri. Mauraren hitzetan, "legegintzaldi aurrerakoi baten berme onena Mahai aurrerakoia" izatea da, eta ingurumaria horretan, EAJk gehiengoa ez edukitzearen alde egin du.

Podemosek 11 eserleku eskuratu zituen hauteskundeetan; EH Bilduk, 18, eta PSE-EEk, 9. Guztiak batuta, 38 ordezkari (gehiengo absolutua) izango lituzkete hiru alderdiek. Gehiengo horri heltzeko deia egin du Maurak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

Horrez gain, PSE-EEk eta EH Bilduk gobernagarritasunaren alorrean EAJri egindako "eskaintza sorta" kritikatu du. "Gauzak orain arte bezala jarraitzeko aliatu onena nor den erakutsi nahian, lehian dabiltza", salatu du.

Horren aurrean, Elkarrekin Podemosek "oposizio eraikitzailea" egingo duela hitzeman du, "batzen gaituzten gaietan herri-akordioak" lortze aldera. Mauraren esanetan, "batzen gaituzten gaietan, hor izango gara", baina EAJrekin "funtsezko ezberdintasunak" dituzte, eta horrek gobernua osatzea oztopatzen du. "Legebiltzar eta Jaurlaritza hauei gizarte politikan harago joatea falta zaie, sentsibilitate sozial gehiago", argudiatu du.

EH Bilduren eta PSE-EEren jarrerarekin kritiko azaldu da Maura. Horren ustez, "lehian" dabiltza bi alderdiak, EAJri "eskaintza sorta" eginez, "gauzak orain arte bezala jarrai dezaten".

Horren ordez, Ganberan duten gehiengoa baliatzeko eta Legebiltzarreko Mahaia "aurrerakoia" osatzeko eskatu die biei. Maurak nabarmendu duenez, "alderdi aurrerakoi guztiek, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE barne, Legebiltzarreko Mahaian ordezkaritza izatearen alde gaude, hori baita legegintzaldi aurrerakoi baten berme onena".

Bestalde, Pili Zabala lehendakarigaia talde parlamentarioaren bozeramaile ez izateko erabakiari buruz galdetuta, "erantzukizun partekatuaz eta arrazoizko orekaz" hitz egin du Maurak. Lander Martinez izango da Elkarrekin Podemosek Legebiltzarrean izango duen eleduna.

>

Albisteak (2)