KRISIA PSOE-n
PP eta PSOE gertuago, bien arteko elkarrizketa normalizatu ostean
Agentziak | Erredakzioa
PSOEko batzorde kudeaketaren presidenteak ziurtatu duenez, sozialistek ez liokete egonkortasunik emango Rajoyren Gobernuari, hori egunez egun bilatu beharko bailuke.
Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteak ostiral honetan azaldu duenez, PP eta PSOE alderdien arteko harremana ohikotasunera itzuli da. Rajoyk, Javier Fernandez PSOEko batzorde kudeaketaren presidentearekin izandako elkarrizketa baten ostean egin ditu adierazpen horiek.
Javier Fernandez berak azaldu du Rajoyrekin atzo hitz egin zuela, Alderdi Popularreko kide batzuk azken egunotan egin dituzten adierazpenak argitzeko. Fernandezen arabera, PPko kideek Rajoyren inbestidura erraztea eta Gobernuari egonkortasuna ematea eskatu zieten sozialistei.
Alde horretatik, Rajoyren inbestidura saioan sozialista guztiek zer bozkatuko duten erabaki behar dutela ziurtatu du Fernandezek, hauteskundeak hirugarrenez egin ez daitezen eta legealdia ahalik eta lasterren martxan jar dadin.
“PSOEk ez dio gobernagarritasuna emango Alderdi Popularrari. Rajoyk bere gobernua sortzea lortuko balu, egonkortasuna astero edo egunez egun bilatu beharko luke, gutxiengoa duen gobernu batek egin beharko lukeen moduan”, nabarmendu du Fernandezek.
Sozialisten erabakia
PSOEren batzorde kudeaketaren presidenteak azaldu duenez, sozialisten erabakia Batzorde Federalaren esku egongo da. Inbestiduran zein jarrera hartu bere kasa erabaki edota militanteen gehiengo batek babestutako aukeraren alde egitea erabaki lezake, Fernandezen hitzetan. Dena den, Rajoyren inbestidura hipotetiko batean, sozialista guztiek erabakia errespetatuko luketela adierazi du Fernandezek.
“Ziur nago Diputatuen Kongresuan dauden kideak Batzorde Exekutiboan hartzen dugun erabakiarekin bat egingo dutela eta alderdiaren diziplina errespetatuko dutela”, erantzun dio Fernandezek kazetari bati.
Horren esanetan, oraindik ez dakite noiz osatuko den Batzorde Exekutiboa, baina Rajoyen inbestiduran sozialistek izango duten jarrera bertan hartutako erabakiaren esku egongo da.