PSOE
PSOE astelehenean hasiko da Rajoyren inbestidurarako erabakiak hartzen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Javier Fernández, PSOEko kudeaketa batzordeko presidentearen arabera, hirugarren hauteskundeak ekidin nahi badira, abstentzioa bozkatu beharko da Mariano Rajoyren inbestidura saioan.
PSOEko kudeaketa batzordea astelehenean batzartuko da Mariano Rajoyren inbestidura saioan alderdiaren botoa erabakiko duen egutegia onartzeko. Hala ere, batzorde federalaren azken erabakia PSCko primarioen ostean (urriaren 15ean) hartuko dela aurreratu du Javier Fernández, kudeaketa batzordeko presidenteak.
Egutegiak hala behartuta, urriaren 17 eta 23 artean erabaki beharko dute, bigarren inbestidura saio bat egiteko Espainiako konstituzioak ezartzen duen epe muga gainditu baino lehen.
“Oso denbora gutxi daukagu, baina oraindik ezin dugu esan zein egunetan hartuko dugun azken erabakia”, adierazi du Fernandezek. Idazkari nagusi berri baten aukeraketari deritzonez, “hirugarren hauteskundeetara goazen ala ez erabaki behar dugu orain eta ez alderdiaren kandidatua”. “Hauteskundeak ekidin nahi baditugu, PSOEk abstentzioa bozkatu beharko du” gaineratu du Fernandezek.
Kudeaketa Batzordeko presidenteak PSOEko zuzendaritza berriaren lehenengo balantze positiboa egingo du bihar, talde parlamentarioarekin daukan “giro ona” azpimarratuz. Hala ere, alderdiaren barruan zauriak zabalik daude oraindik.