Itxi

11. legegintzaldia

Urriaren 28rako osatuta beharko luke Eusko Legebiltzarrak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EAJren 28 legebiltzarkideek ostegunean jaso dituzte aktak, eta orduan abiatuko dira ganbera osatzeko araudiak aurreikusitako epeak.

Eusko Legebiltzarra

Urriaren 20 edota 27an, baina beranduen dela, hilaren 28rako osatuta beharko luke Eusko Legebiltzar berriak.

Araudiaren arabera, 75 legebiltzarkideetatik gutxienez 25ek ordezkari akta edo egiaztagiria jasotzen dutenean jarriko dira martxan Legebiltzarra osatzeko epeak. EAJko 28 ordezkariek ostegunean egingo dute izapidea, eta atzo egin zuten Elkarrekin Podemoseko 11ek. Hartara, langa igarota, 15 eguneko epea dago ganbera eratzeko.

PPren bederatzi kideek astelehenean jasoko dituzte aktak, eta EH Bilduren 18ek, asteon bertan. Sozialistek ez dute oraindik datarik zehaztu.

Egiaztagiria jasotzeko epea luzatzen saiatzen dira alderdi politikoak, negoziatzeko denbora gehiago edukitzeko.

Urriaren 20an edo 27an

EAJren legebiltzarkideek euren aktak jasota, Bakartxo Tejeria Diputazio Iraunkorraren presidenteak ganbera osatzeko osoko bilkura deituko du. Gehienez jota, 15 egunen buruan izango da lehen saio hori.

Hala, Legebiltzarra osatzeko bilkura urriaren 20an edo 27an egingo dute ziurrena (saioak ostegunetan izaten ohi dira euskal ganberan). Egun horretan aukeratuko dute Eusko Legebiltzarreko Mahaia nortzuk osatzen duten —bost kide dira, horietako bat, presidentea—.

Behin ganbera eratuta, beste bilkura bat egingo dute Bateraezintasunen Behin-Behineko Batzordearen kideak izendatuko dituzte. Saioa amaitzen denean,  inbestidura noiz izango den iragarriko du Legebiltzarreko presidenteak.

Albisteak (3)