Itxi

EAE

EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSE prest, erreforma fiskalaz hitz egiteko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

PPk, aldiz, ez du aldaketarik nahi, zergak igoko liratekeela uste baitu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE prest agertu dira gaur goizean erreforma fiskalari buruz eztabaidatzeko; PPk, ordea, ez du aldaketarik egin nahi, "zergak igoko liratekeelako".

Joseba Egibar legebiltzarkide jeltzaleak Radio Euskadin esan duenez, "baliabide gutxiago" izango direla ondorioztatu zuten ostiral honetan Finantzetarako euskal Kontseiluak egindako bileran. Antza denez, diru-sarrera gehiago lortu arren, ez dute espero zuten bezain beste bildu.

Emaitza horrek aurrekontuen negoziazioa ez duela erraztuko onartzeaz gain, ez dituela bat-batean harrapatu esan du. Guztira, 473 milioi euro gutxiago bildu direla baieztatu du, eta zati handi batek Eusko jaurlaritzari eragingo diola.

EH Bildu

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu egin du EAJ, diru gutxiago bildu izanak ez dituela bat-bat-batean harrapatu aitortzeagatik. Izan ere, orain arte "Euskadi oasi bat dela eta dena ondo doala" zioten "mezuak zabaldu" dituzte.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako arduradunek ostiral honetan "aurreikuspenak ez direla beteko eta murrizketak egongo direla" onartu dutela salatu du.

Elkarrekin Podemos

Bestalde, Lander Martinez Elkarrekin Podemos alderdiko legebiltzarkideak "eraginkorra ez den" sistema berritzearen alde agertu da. "Mailakatuagoa" izan beharko lukeela esan du, "gehien irabazten ez dutena ez dutelako gehien ordaintzen". Gainera, "galera ikaragarriak" dakartzan iruzur fiskalaren aurka asko dagoela egiteko nabarmendu du. Neurri horiei esker, "aurreikuspenak betetzea" ahalbidetuko litzatekeela uste du.

PSE-EE

Jose Antonio Pastor PSE-EEko ordezkariaren esanetan, saihestezina da erreforma fiskala egitea. Dirua birbanatzea erraztuko duten zergak defendatzeaz gain, iruzurraren aurka eta zergak ekiditeak sortzen duen "zuloa"ren kontra borroka egiteko beharra azpimarratu du. Bere iritziz, "behar lukeena baino gutxiago ordaintzen duen jende asko dago".

PP

Carmelo Barrio Alderdi Popularreko kideak, berriz, erreforma fiskalaren aurkako jarrera erakutsi du Radio Euskadin. Bere ustez, aldaketak egingo balira, "zergak igoko lirateke guztiontzat", eta "erabaki hori ez zaio komeni herrialde honi". "Planteatzen ari diren erreforma fiskalak zerga-igoera estali nahi du", gaineratu du.

Albisteak (1)

Bideoak (1)