Itxi

PSE-EE

Mendiak EAJri: Argitu dezala norekin eta zertarako gobernatu nahi duen

EITB.EUS

Leer en Castellano

"Herri-akordioz mozorrotutako proiektu nazionalistetan" parte hartuko ez dutela azpimarratu du PSE-EEko idazkari nagusiak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mezu argia bidali dio Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak EAJri, "argitu dezala norekin eta zertarako gobernatu nahi duen, bide guztiek ez dute-eta helmuga bera". Ildo horretan ohartarazi dunez, sozialistek ez dute "herri-akordioz mozorrotutako proiektu nazionalistetan" parte hartuko.

Gobernu-itun bat lortu nahian, EAJrekin abiatutako negoziazioak izan ditu hizpide Mendiak Eusko Legebiltzarrean eskainitako prentsaurreko batean. Aurrez, egiaztagiriak jaso dituzte PSE-EEren bederatzi legebiltzarkideek.

Mendiaren hitzetan, negoziazioak hasi baino ez dira egin, eta "oraindik asko dago hitz egiteko eta zehazteko".

Nabarmendu duenez, EAJk 28 legebiltzarkide lortu zituen irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetan, eta berari dagokio "zein helburu eta zer gobernu mota" nahi duen argitzea.

Sozialistek, Mendiaren esanetan, "agenda soziala agenda nazionalaren gainetik" jarriko dute, eta ez dute "herri-akordioz mozorrotutako proiektu nazionalistetan" parte hartuko.

"Ez dugu inor baztertu nahi, baina autodeterminazio eskubidea lehenetsita, bide katalan baten antzekoa proposatu duten alderdiak badaude. Horiekin gu ez gara egongo", ohartarazi du.

PSE-EEko buruzagiak argi utzi nahi izan du "ezberdintasun sozialen kontrako borroka"ri lehentasuna emango diotela. Hura "gobernutik" defendatzeko prest dauden arren, akordioa posible ez bada, "oposiziotik" lan egiteko "arazorik" ez dutela azpimarratu du.

 

Albisteak (1)

Bideoak (2)