KEREILA KRIMINALA
Arabako erakundeek kereila aurkeztu dute, martxoaren 3ko hilketengatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kereila kriminalaren bidez, 1976ko martxoaren 3an Poliziak Gasteizen tiroz hildako bost langileen kasuagatik 'ardura penalak' eskatu dituzte Arabako erakunde nagusiek.
Arabako Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eta Gasteizko Udalak kereila kriminala aurkeztu dute gaur, 1976ko martxoaren 3an izandako hilketak argitu eta ardura penalak eskatzeko. Langileen protesta batean parte hartzen ari ziren bost pertsona hil zituen tiroz Espainiako Polizia Armatuak.
Erakundeon esanetan, ezinbestekoa da dagokionari "ardura penalak edo bestelakoak" egoztea. Hildakoez gain, ehunka lagun zauritu ziren duela 40 urteko sarraskian. Oraingoz, ez dute inor zigortu egun hartan Arabako hiriburuan gertatutakoagatik.
Ohar baten bidez Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Arabako Batzar Nagusiek esan dutenez, "gizateriaren kontrako krimena" izan zen ordukoa.
Batzar Nagusiek eta Aldundiak elkarrekin aurkeztu dute kereila, eta Udalak bere kabuz egin du, erakunde bakoitzak bere osoko bilkuretan eta batzarretan adostutakoari jarraituz.
Bide judiziala
Udalak 2016ko martxoaren 18ko udalbatzan erabaki zuen epaitegietan bide judiziala hastea martxoaren 3ko gertakariak argitu eta "ardura penalak" eskatzeko. PP izan zen kontrako botoa eman zuen talde bakarra. Onartutako testuan, frankismo garaiko krimen guztiak argitzeko eskaria egin zuten, 1976ko martxoaren 3koa barne.
Bestalde, Arabako Batzar Nagusiek antzeko testu bat adostu zuten apirilaren 27an, eta handik hilabetera, gutxi gorabehera, Arabako Foru Aldundiak berretsi egin zuen idatzi hura.