Ganberaren osaketa
Abian da Eusko Legebiltzarraren XI. legealdia
Agentziak | Erredakzioa
Aurreikusita zegoen bezala, Bakartxo Tejeria jeltzalea aukeratu dute Gasteizko ganberaren presidente, bigarrenez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bigarrenez, Bakartxo Tejeria jeltzalea aukeratu dute Eusko Legebiltzarreko presidente. XI. legealdiari ekiteko bilkura egin dute gaur Gasteizko ganberan, eta ez da ezusterik izan. Azken lau urteetan ganberaren buru izan denak jarraituko du karguan, 37 boto jaso ostean. Botoa sekretua bada ere, litekeena da EAJren 28 legebiltzarkideek eta PSE-EEren 9ek Tejeriaren alde egin izana.
Bigarren bozketan aukeratu dute Tejeria presidente, gehiengo soilarekin (38 boto zuri).
Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren bost kideak izendatzea izan da gaurko saioaren egitekoa. Aurreikusita zegoen bezala, EAJk bi eserleku izango ditu bertan (Presidentetza eta lehen idazkaritza), eta EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek bana. 1990etik lehen aldiz, PP erakundetik kanpo geratu da.
Tejeria izendatuta, Presidenteordetzak bozkatu dira. EH Bilduko Eva Blancok 38 boto eskuratu ditu, eta Txarli Prietok (PSE-EE), 28. Ondoren, Idazkaritzak nortzuk hartuko dituzten aukeratu dute, honetan ere ez da sorpresarik izan: Iñigo Iturrate (EAJ) eta Cristina Macazaga (Elkarrekin Podemos). Anton Danborenea PPko ordezkaria Mahaitik kanpo geratu da, Alderdi Popularraren babesa baino ez du izan (bederatzi boto).
Mahaiaren bost kideak. EFE
Tejeria, estatus politiko-juridiko berri baten alde
Aukeratua izan ostean, hitzaldi laburra egin du Tejeriak. Esan duenez, "euskal herritarron borondate politikoa eguneratu beharra" dago, eta bide horretan, aurreko legealdian autogobernu lantaldean hasitako lanak bukatu behar direla azpimarratu du. EAJko kidearen arabera, "estatus juridiko-politiko berria behar dugu, herri honetako gizon-emakumeen nahien eta beharrei egokitua, euskal herritarron borondate libre eta demokratikoa muga bakarra izanik". Bakea eta bizikidetza indartu behar direla ere azpimarratu du Tejeriak.
Ekonomia alorrean,"azken urteetan bizi izan dugun krisi sakonetik sendotuta" ateratzearen beharra nabarmendu du eta EAEko "egitura produktiboa indartu" eta "globalizatua den mundu honetan, lehiakorragoak" izateko eta "kalitatezko enplegua" sortzearen alde egin du.
"Eginbehar eta erronka" hauen aurrean, "adostasunak, hitza eta elkarrizketa" beharrezkotzat jo ditu Tejeriak.
Tejeria, aukeratu berritan. EFE
Konstituzioaren zina egitea eskatu du PPk
Bilkura istilurik gabe joan da. Legebiltzarkide guztien izen-abizenak irakurri eta gero, Adineko Mahaia osatu dute. Hain justu, erakunde honi egokitu zaio goizeko lehen erabakia, Borja Semper PPko bozeramaileak egindako eskaera aztertzea, alegia. Legebiltzarkideei Konstituzioa beteko duten zina egitea eskatu du Semperrek.
Eskaera errefusatu du Mahaiak, "Hauteskunde Legeari zein Eusko Legebiltzarraren aurrekariei erreparatuta, formulismo hori ez dagokiola" argudiatuta.
Semper kexu agertu da erabakiarekin. Esan duenez, Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoak hala eskatzen du.
Bilkura 15 minutuz eten da, taldeek Mahaiaren Presidentetzarako hautagaiak aurkez zitzaten. Bakartxo Tejeria bakarrik aurkeztu da.
Otegi, Alba, Urtaran eta Calparsoro, gonbidatuen artean
Ikusmina sortu du bilkurak. Kazetari andanak jarraitu du saioa, eta gonbidatuen palkoan politikagintzako eta justizia munduko pertsona ezagun ugari izan dira. Han izan dira Arnaldo Otegi Sortuko presidentea, Nagua Alba Podemos Euskadiko burua, Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, Juan Calparsoro fiskalburua, Manu Lezertua arartekoa, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, eta Pedro Elosegi eta Eider Mendoza Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, hurrenez hurren.
Otegi, Alba, Atutxa, Oyarzabal eta Suso, Legebiltzarreko palkoan. EFE
Elkarrekin Podemos legebiltzarkideak aurrenekoz daude ganberan. Gaurko saiora TTIP itunaren eta genero indarkeriaren kontrako ikurrak eraman dituzte.
Urriaren 27an, hurrengo osoko bilkura
Bakartxo Tejeriak urriaren 27rako deitu du hurrengo osoko bilkura. Behin-Behineko Bateraezintasunen Batzordea osatuko dute, eta batzordeak 20 egun izango ditu txostena egiteko.
Datorren osteguneko bilkuraren amaieran beste saio bat deitu beharko du Legebiltzarreko presidenteak txosten hori eztabaidatu eta onartzeko, eta lehendakaria aukeratzeko inbestidura saioaren data zehazteko.