Itxi

EUSKADI IRRATIA

Currin: 'Euskal Herritik gidatutako bake prozesua bultzatzeko unea da'

IRATXE ETXEBARRIA | EUSKADI IRRATIA

Leer en Castellano

Euskadi Irratiari eta Radio Euskadiri eskaini dion elkarrizketan, Nazioarteko Harreman Taldeko buruak esan du gizarteak izan behar duela protagonista bake prozesuan.

Iratxe Etxebarria kazetaria eta Brian Currin nazioarteko bitartekaria, atzo, elkarrizketan.

Euskal Herriko bake prozesua bultzatzeko sortu zen Foro Sozialak bilera du, gaur, Donostian, Aieteko Bakearen Etxean. Izaera iraunkorra hartuko du, eta azken hilabeteotan eman dituen urratsen berri emango du gizarteko ordezkaritza zabal baten aurrean. Ondorioak plazaratu eta horien inguruan gogoeta egingo dute.

Bilera  hori  egin  aurretik, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko buruarekin hitz egin du. Abokatu hegoafrikarraren ustez,  Euskal Herritik gidatutako bake prozesua bultzatzeko unea da, eta gizarteak izan behar du protagonista ibilbide horretan.

Armagabetzea da orain eman beharreko urratsa, Currinek esan duenez. Horretarako plan edo bide-orririk ez duela argitu du, eta zeregin hori gaur Aieten aurkeztuko den Foro Sozial Iraunkorraren esku utzi du. Currinek ez du zalantzarik: "Hauxe da horretarako momentua, Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak prozesuaren alde daudelako", esan du.      

Ezberdintasunak egon arren, eragile ezberdinen arteko akordioa posible dela uste du, oinarrizko helburuetan bat datozelako eta aurrera egiteko borondatea dagoelako. Egoera ez du blokeatuta ikusten, baina urratsak eman behar direla dio.

Gainera, Espainiako Gobernua ETAri eskua luzatzen ari dela uste du Currinek. Jorge Fernandez Díaz Barne ministroak armagabetzeak presoen sakabanaketarekin amaituko duela esan zuenean ikusi zuen keinu bat bitartekariak. 

Arrisku bat ere ikusten du; Frantziako Poliziak bezala, ETAren armak antzematen jarraituz gero, "balio eta zentzu gabeko armagabetze baterako arriskua" dagoela iritzi dio.

Eusko Jaurlaritzaren planak "onartezinak dituen puntu batzuk" dituela aitortu du, baina ez du gaizki ikusten korapiloa askatzeko ahaleginean Gasteizko Gobernuak paper bat jokatzea, euskal alderdiek hala adosten badute.  Ez du ETAz hitz egin nahi izan.

Albisteak (4)

Audioak (1)

Informazio gehiago (1)