Itxi

Liskarra Altsasun

Polizia txostenek diote Altsasun ez zela lintxamendurik izan

EITB.EUS

Leer en Castellano

Guardia Zibilaren txostenak bi agenteen testigantzak gezurtatu ditu eta ez du terrorismo deliturik antzeman. Hala ere, txosten horren kontra, Auzitegi Nazionalak gertakaria ikertuko du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Guardia Zibilak nahiz Foruzaingoak Altsasuko gertaerei buruz egindako txostenen arabera, urriaren 15ean ez zen bi guardia zibilen eta haien bikotekideen aurkako lintxamendu edo segada antolaturik izan.

Guardia Zibilaren ikerketak dio "eraso bat" izan zela, baina bi agenteen testigantza kolokan jarri du eta orain arte zabaldutako bertsioa gezurtatu du, hau da, Altsasuko 40-50 gaztek jipoitu zituztela ukatu du.

Gainera, Diario de Noticias egunkariak gaur argitaratu duenez, Guardia Zibilak gorroto delitu bat egon daitekeela uste du, baina ez du terrorismo deliturik antzeman, Covitek eskatu bezala.

Gertakaria ikertzen ari den Iruñeko 3. instrukzio epaitegiaren esku dago jada Guardia Zibilaren txostena. Mari Paz Benito epailea ari da auzia ikertzen.

Auzitegi Nazionala

Hala ere, eta Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren txostenen kontra, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak uste du terrorismo delitua egon daitekeela eta, beraz, gertakaria ikertzeko eskumena berari dagokiola.

Covitek aurkeztutako salaketaren harira, atzo Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak auzia ikertu behar duen edo ez argitzeko eskatu zion Fiskaltzari, kontuan hartuta ordurako kasua Iruñeko epaitegiaren esku zegoela.

Fiskaltzak bere idatzian dio "Estatuko  segurtasun indarretako kideen kontrako delitu larriak" direla, "beren ideiak konpartitzen ez dituztenak beldurrarazteko egindakoak eta bake publikoa asaldatuz".

Gainera, Fiskaltzaren arabera, Altsasun gertatutakoa Euskal Herriko zenbait herritan "agenteek pairatzen dituzten jazarpenaren baitan kokatu behar da".

Horrenbestez, Fiskaltzak dio Carmen Lamela epailea buru duen Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio epaitegiak Altsasun izandako liskarra ikertu behar duela, terrorismo delitua izan daitekeelakoan.

Joan den larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Altsasuko bizilagunek eta bertsio ofiziala ukatu zuten, hau guztia "muntaia poliziala eta mediatikoa" zela salatuz.

 

Albisteak (6)

Bideoak (1)