NAFARROA
Altsasuko sei gazte euren borondatez joan dira deklaratzera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Altsasuko gertakariekin zerikusia izan zutelakoan, Guardia Zibilaren txostenean zortzi gazte identifikatu zituzten, eta horietako sei dira gaur deklaratzera euren borondatez joan direnak.
Sei gazte euren borondatez joan dira gaur Iruñeko Zaintzako Epaitegira, urriaren 15ean, Altsasun bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarraren inguruan deklaratzera. Dena dela, ez dute epailearen aurrean deklaratzerik izan.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek jakitera eman dutenez, 3. Instrukzio Epaitegira joan dira sei gazteak, baina bertako epaile titularra, Mari Paz Benito, ez zegoen zaintzan. Benitok hartu du bere gain kasuaren ikerketa.
Altsasuko gertakariekin zerikusia izan zutelakoan, Guardia Zibilaren txostenean zortzi gazte identifikatu zituzten, eta horietako sei dira gaur deklaratzera joan direnak.
Terrorismo delitua
Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak hala erabakita, Altsasun izandako liskarrak terrorismo delitu gisa ikertuko dituzte Madrilen. COVITE terrorismoaren biktimen elkarteak salaketa aurkeztu zuen, eta Fiskaltza hura ikertzearen alde azaldu zen asteartean. Eskaera horri men egin dio, horrenbestez, Lamela epaileak.
Erabakia ez da irmoa, eta helegitea aurkez daiteke hiru eguneko epean.