Itxi

Inbestidura saioa

Rajoyk baliogabe utziko du errebalida hezkuntza itun bat adostu arte

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Iragarpenak 2017/2018 ikasturtetik aurrera izango du eragina. Izan ere, 2016/2017 ikasturterako dagoeneko aurreikusita zegoen.

Mariano Rajoy inbestidura saioan. EFE

Mariano Rajoy jarduneko Espainiako presidenteak inbestidura-saioko eztabaidan iragarri duenez, baliogabe utziko ditu errebaliden edota "DBH eta Batxilergoko amaierako azterketen eragin akademikoak", asteazkenean aipatu zuen Hezkuntzako Estatu Ituna lortu arte.

Hala adierazi du inbestidura-saioko eztabaidan, Antonio Hernando Kongresuko sozialisten bozeramaileak "proba horiek" berehala geldiarazteko konpromisoa eskatu dionean.

Hain zuzen ere, Hernandok Rajoyk bere mintzaldian egindako promesa nabarmendu du, hots, sei hilabeteren buruan Hezkuntzako Estatu Ituna lortzekoa, eta horren harira, Hernandok errebalidak berehala gelditzea eskatu dio, "sei hilabete iraun dezakeen lan horri ekin aurretik".

Rajoyk iragarpen hori egin du, eta gaineratu duenaren arabera, adostasunera heldu arte Batxilergoan egingo diren errebalidak "ez dira beharrezkoak izango titulua eskuratzeko, eta unibertsitatera sartzeko besterik ez dute balioko".

PSOEren bozeramaileak aipatu ituna LOMCE bertan behera uzteko erabili nahi duela esan du, eta Rajoyk erantzun dio indar guztien arteko adostasunak ez duela zertan ekarri behar legearen indargabetzea edota "muturreko jarrerak". Gogorarazi duenez, PSOEk horixe bera egin zuen PPren LOCe legearekin Gobernuan sartu eta 48 ordura, "eta ez zuen ezertarako ere balio izan, eta ez zuen etorkizuna eraikitzeko arrazoizko oinarririk jarri".

LOMCEk ezartzen duena

Egia esan, LOMCE ezartzeko egutegiak dagoeneko aurreikusten zuen 2016/2017 ikasturtean errebalidek eragin akademikorik ez izatea, hau da, titulua lortzeko beharrezkoak ez direla.

Hezkuntza Ministeriorik Europa Press agentziari jakinarazi diotenez, hurrengo Gobernuak dekretu bat onartuko du, LOMCE ezartzeko egutegia bertan behera utzi, eta errebaliden eragin akademikoa kentzeko.

Rajoyk inbestidura saioan iragarritakoak 2017/2018 ikasturtetik aurrera izango du eragina. Izan ere, 2016/2017 ikasturterako dagoeneko aurreikusita zegoen.

Albisteak (2)