Itxi

Rajoyren inbestidura

Pedro Sanchezek Kongresuko eserlekua utzi du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

''Ez dut politika utziko; horri ekingo diot berriz ere, beste militante bat bezala'', esan du. Lanean hasteko prest agertu da, militanteei ''PPtik aldendutako PSOE autonomo'' bat itzultzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Pedro Sanchezek Kongresuko diputatu akta utzi du larunbat honetan, Batzorde Federalaren mandatuari ez desobeditzeko. PSOEren buru ohiak agerraldia egin du komunikabideen aurrean, hunkituta, eta bertan iragarri du ez duela politika utziko. ''Ez dut politika utziko; horri ekingo diot berriz, beste militante bat bezala'', esan du.

Hala, Sanchezek aurreratu du PSOEren hurrengo Kongresuan hautagaitza aurkeztuko duela, militanteei ''PPtik aldendutako PSOE autonomo'' bat itzultzeko. ''Astelehenetik aurrera autoa hartuko dut berriz, Espainiako txoko guztietara joan eta entzuna izan ez den jendeari entzuteko'', esan du.

Sanchezek azaldu duenez, akta utzi du Batzorde Federalak agindutako abstentzioa bete behar ez izateko. Izan ere, gaurko saioan Alderdi Sozialistaren abstentzioarekin izendatuko dute Rajoy Espainiako Gobernuko presidente. Sanchezek prentsaurrekoan esan duenez, erabaki horrekiko ''erabateko desadostasunagatik'' utzi du eserlekua. ''Ez naiz nire alderdiaren kontra joango, ezta nire hauteskunde-konpromisoaren aurka ere'', azaldu du.

Atsekabea agertu du Batzorde Kudeatzaileak ''gutxieneko abstentzioaren alde'' egin ez duelako, horrek arratsaldean izango den zatiketa ekidingo zuelako, Sanchezen hitzetan. Halaber, egin ahal izan dituen akatsengatik barkamena eskatu ostean, Batzordeari eskatu dio gaur ezezkoaren alde egingo duten diputatuak ez kaleratzea, eta PSCrekin ez haustea.

Batzordearen agintaldia

Halaber, ohartarazi du Batzorde Kudeatzailearen agintaldia astelehenean bukatzen dela, eta exijitu dio alderdiaren buru berria izendatzeko ez-ohiko kongresuaren ''data, ordua eta tokia'' jartzea.

''Sozialistok bozkatu nahi dugu. Berriz esango du: sozialistok bozkatu nahi dugu'', aldarrikatu du. Halaber, azpimarratu du astelehenetik aurrera ''militantziak botoa emateko duen eskubidea'' defendatzeari ekingo diola.

Hunkituta

Kongresuan eskainitako prentsaurrekoan, negarrari eutsita azaldu du ''zein gogorra'' izan den hartutako erabakia hartu behar izatea. Sanchezek azpimarratu du ez dela ''erraza'' izan, baina ezin ziela militanteei ''hutsik egin''. Malkoei eutsi ezinik, PSOEko buru ohiak adierazi du ''politik indar eraldatzaile gisa maite'' duen pertsona batentzat, ''ohorea'' izan dela Alderdi Sozialistaren Talde Parlamentarioko kide izatea.

Trebetasuna opa dio Rajoyri

Rajoyri zuzendutako hitzak ere izan ditu Pedro Sanchezek, eta ''zortea'' eta ''trebetasuna'' opa dizkio. ''Agerikoa den desadostasun sakona izan arren, zortea eta trebetasuna opa dizkiot'', esan du.

Sanchezen eserlekua

Sanchezek akta utzi ostean, Carlota Merchan Madrilgo Udaleko zinegotziari dagokio haren lekua hartzea. Hark akta hartzeko erabakia hartuko balu ere, gaur arratsaldeko saioan ezin izango luke bozkatu, horren lata bideratzeko denborarik ez dagoelako.

Albisteak (3)

Bideoak (3)