Inbestidura saioa
Mariano Rajoy, Espainiako presidente PSOEren abstentzioari esker
Agentziak | Erredakzioa
Gobernuburu hautatu dute aldeko 170 boto, kontrako 111 boto eta 68 abstentzio jaso ostean, asteazkenean hasi zen inbestidura saioko bigarren bozketan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente inbestitu dute larunbat honetan gehiengo soilez; izan ere, aldeko 170 boto, kontrako 111 boto eta 68 abstentzio jaso ditu. Aldeko botoak PPk Ciudadanosek, Coalicion Canariasek, Foro Asturiasek eta UPNk eman dizkiote. Kontrako botoa eman dutenen artean 15 diputatu sozialista egon dira; modu horretan, talde diziplina hautsi egin dute.
Kontrako boza eman duten 15 sozialistei Unidos Podemos, ERC, PNV, PDECat, Compromís, EH Bildu eta Nueva Canarias alderdien botoak batu zaizkie.
Behin presidente gisa inbestituta, Rajoyk jakinarazi du ostegun arratsaldean emango dituela ezagutzera nortzuk osatuko duten Gobernu berria. Gobernu berriko kideak izango direnek ostiralean zin egingo dute beren kargua. Litekeena da astelehenean zin egitea Rajoyk kargua.
Inbestidura saioko bigarren eztabaidako bere mintzaldian, Rajoyk parlamentari guztiei ohartarazi die gehiengorik ez izateak guztiak egiten dituela "gobernagarritasunaren erantzule", eta guztiei dagokiela Espainiak gobernua izateaz gain, gobernu hori eraginkorra izan dadila.
"Espainiak inbestidura soil bat baino gehiago behar du, goberna dezakeen gobernu bat eta ez gobernatua izango dena; ez dut txeke zuri bat eskatzen, baizik eta gobernu bat", gaineratu du Rajoyk.
Elkarrizketarako bere eskaintza berretsi die talde parlamentariei, eta, adierazi duenez, prest dago "zuzendu beharrekoa zuzentzeko" eta "bidezkoa denaren aurrean men egiteko". Hori bai, jakinarazi du ez duela "eraikitakoa eraitsiko" ezta "bere proiektu politikoa traizionatuko" ere.
PSOE
Antonio Hernando PSOEko Kongresuko bozeramaileak Rajoyri ohartarazi dio "emango duen urrats bakoitza zainduko" dutela sozialistek.
"Gutxiengo nabarmenean zaude eta zaintza estupean", abisatu dio Rajoyri beste behin, eta PSOEk oposizio sendoena egingo duela gaineratu du.
Hernandoren esanetan, PSOEk ez ditu atsegin Rajoy eta haren politikak, baina adierazi du bere taldeko diputatuak abstenitu egingo direla "espainiarrek ez dituztelako behar hirugarren hauteskunde batzuk" eta ez dutelako nahi "erakundeak gehiago honda daitezen".
Podemos
Pablo Iglesias Podemoseko buruak Rajoyri esan dio oinarriak jarri dituela Podemosek "lehenago edo geroago" hauteskundeak irabaz ditzan. Horrez gain, sistema politikoarekin "erabat desleiala" izatea leporatu dio, baita PSOE "barrutik suntsitzea" ere.
"Politikari ona zarela erakutsi duzu eutsi egin diozulako, baina PSOE "hilzorian" utzi duzu esan du Iglesiasek.
Ciudadanos
Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak PPko hautagaia zenari zuzendu eta esan dio ez dela ezer gertatzen gutxiengoa izanik gobernatzeagatik, baita alderdiaren betekizun guztiak betetzen baditu "legegintzaldia ongi aterako" dela ere.
Riverak Pablo Iglesiasentzat ere izan ditu hitzak, eta "albiste txar" bat eman dio, "hemendik aurrera lana egin behar delako".
ERC
Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak bere mintzaldi osoa erabili du PSOEren aurka ekiteko. "Traidoreak" diela leporatu die, eta Andaluziako "kazike" bati eta administrazio kontseilu handien interesei men egiten dietela.
EAJ
Aitor Esteban EAJ alderdiko bozeramaileak Rajoyri esan dio hark eta haren Gobernuak "jarrera berei" eusten badiete "porrot egingo" duela, eta "bere porrota izango" dela, "beste inori egotzi ezin izango diona".
Bere mintzaldian zehar, Estebanek adierazi du "asaldatuta" dagoela Rajoyren azken hitzaldia entzun eta gero, "politika berekin" jarraituko duela eta orain arte "egindakoari eutsiko" diola ohartarazi baitu.
EH Bildu
Oskar Matute EH Bilduko bozeramaileak zorionak eman dizkie ironiaz sozialistei "137 urteko historia dituen alderdi bat arratsalde batean deuseztatzeagatik", eta ohartarazi die "maldan behera eta galgarik gabe doazela erabateko hutsaltasunerantz".
Aldi berean, oraindik ere "kare biziaren usaia dariola" ere adierazi du, GALek Lasa eta Zabala erail zituenekoa gogora ekarriz.