Itxi

Polizia-operazioa

Azkainen atxilotuak epailearen esku utziko dituzte datozen orduotan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Frantziako Poliziak Mikel Irastorza ETAko ustezko kidea atxilotu du larunbat honetan Azkainen. Irastorza etxean hartu zuen bikotea ere atxilotu dute:

Your browser doesn’t support HTML5 video

Frantziako Poliziak Mikel Irastorza ETAren talde logistiko-militarreko ustezko burua atxilotu du Azkainen, Lapurdin. 2015ean David Pla eta Iratxe Sorzabal atxilotu ostean, Irastorzak taldearen buruzagitza bere gain hartu zuela uste du Poliziak.

Irastorzarekin batera, bikote bat ere atxilotu du Frantziako Poliziak. Epaitegietako iturrien arabera, ETAko ustezko kidea etxean hartu zuten 59 urteko gizona eta 56 urteko emakumea dira atxilotutakoak. 'Nerin' izena jarri diote operazioari.

06:00etan izan dira atxiloketak, Lur Eder auzoko etxebizitza batean.

Guardia Zibilarekin elkarlanean ari da Frantziako Polizia, eta operazioa zabalik dago. Ez dute atxiloketa gehiago egitea baztertzen.

Hiru atxilotuak Baionara eraman dituzte, eta hango polizia-etxean daude (gehienez 96 ordu eman ditzakete bertan), epailearen aurrera deklaratzera noiz eramango zain.

Bi polizia, atxiloketak izan diren etxebizitza zaintzen. EFE.

Donostiarra da Irastorza, eta, besteak beste, Nazio Eztabaidagunean hartu zuen parte. Poliziaren arabera, 2008tik ihesean zegoen.

2011ko urrian ETAk armak utziko zituela iragarri zuenetik, talde armatuko zazpi ustezko arduradun hartu dituzte preso.

2015eko irailean, David Pla eta Iratxe Sorzabal atxilotu zituzten Baigorrin, ETAko buruzagiak izatea egotzita.

2012ko maiatzean, berriz, Oroitz Gurrutxaga Gogorza eta Javier Aranburu Sagarminaga atxilotu zituzten, Cauna udalerrian, Frantzia hego-ekialdean. Gurrutxagari ETAren talde militarraren buru izatea leporatu zioten.

Urte horretan bertan, urrian, Izaskun Lesaka ETAren armategiaren ustezko arduraduna hartu zuten preso Frantzian, Macon eskualdean.

Eta iazko uztailean Iñaki Reta de Frutos eta Xabier Goienetxea ETAren aparatu logistikoko ustezko buruak atxilotu zituzten Ortzaizen.

Armategia

Joan den urrian,  Guardia Zibilak eta Frantziako Barne-Segurtasun Zuzendaritzak ETArena izan litekeen armategi bat aurkitu zuten Frantzia iparraldean (Paristik 100 kilometro ingurura). Dirudienez, armategia ez zegoen indarrean, eta armak bidoien barruan zeuden lurperatuta.

Elkarretaratzeak

Bestalde, atxiloketak salatzeko asmoz hainbat elkarretaratze izan dira larunbat arratsalde honetan. Azkainen bertan, polizia-operazioa gauzatu den Herriko Plazan arratsaldeko 19:00etan egin da protestarik jendetsuena. Bertan bildutakoek atxilotuei babesa eskaini diete. Gainera, Donostian eta Ataunen ere egin dituzte elkarretaratzeak, donostiarra baita Irastorza ETAko ustezko buruzagia eta ataundarra atxilotu duten etxeko gizona.

Azkainen izandako elkarretaratzea. Argazkia: EiTB

Albisteak (4)

Bideoak (3)