Itxi

Bilbon

Otegik 'gerra-logikaren' baitan kokatu du Irastorzaren atxiloketa

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bestalde, prest agertu da duela bost urte Aieteko Adierazpenean islatutakoa legegintzaldi honetan garatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arnaldo Otegiren iritziz, Mikel Irastorza ETAko ustezko buruzagiaren atxiloketa Estatu espainiarraren "guda-logikaren" baitan dago, eta "bakea ez zaiola interesatzen" leporatu dio.

Horrez gain, Espainiako estatuaren terrorismoaren aurkako logika "guda-logika" dela eta ez zaizkiela "dauden arazoak interesatzen" esan du. "Litekeena da guda-logika horrek bakeak baino arrakasta gehiago ematea hauteskundeetan!", gaineratu du.

Bestalde, Arnaldo Otegi Sorturen idazkari nagusia prest agertu da duela bost urte Aieteko Adierazpenean islatutakoa legealdi honetan garatzeko, "gure esku dagoenaren neurrian".

2011n Aieteko Adierazpena onartu zenetik Euskal Herrian gertatutakoa aztertu du gaur goizean buruzagi abertzaleak Bilbon emandako prentsaurrekoan. Bost puntu bildu zituzten dokumentu hartan, eta 2011ko urrian Donostian antolatutako batzarraren emaitza izan zen. Nazioartean ere babes esanguratsua eman zioten.

Adierazpenaren lehen puntuan, euskal gizarte baketsua eraikitzeko ibilbide-orriaren lehen urratsa zehaztu zen Otegiren ustez. Horri esker, ETAk jarduera armatua utzi zuen behin-betiko handik gutxira.

"Espainiako eta Frantziako gobernuek blokeatuta eduki dituzte Aieteko Adierazpeneko gaiak", esan du Otegik, eta EAEn laster abiatuko den legealdi honetan gauzatuko direla berretsi du Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.

Garatu gabe geratu ziren urratsei dagokienez, "adiskidetzean aurrera egiteaz gain, biktima guztiak onartu, haiei lagundu eta zauriak sendatzeko geratzen den lan sakona” azpimarratu du.

Halaber, "indarkeria erabiltzen ez duten aktoreak eta ordezkari politikoak" biltzera eta "gai politikoak edo bestelakoak" eztabaidatzera deitzen zituen proposamena ere garrantzitsua dela adierazi du.

Estatu espainiarraren eta frantziarraren borondate ezak baldintzatutako gainerako arazo larrien arloan, berriz, Otegik uste du datorren legealdian "erabat bideratu beharko dela ETAko presoen, errefuxiatuen eta erbesteraturakoen egoera".

Bost urteotan "Espainiako estatuak ez du izan, ezta izango ere, herrialde honetan bakea finkatzeko interesik", baieztatu du.

 

 

Albisteak (2)

Bideoak (2)