Polizia operazioa
Baionako polizia-etxean jarraitzen dute oraindik hiru atxilotuek
Eitb.eus
Gehienez 96 orduz izan ditzakete bertan; horrenbestez, asteazkena baino lehen eraman beharko dituzte Parisera, instrukzio epaile baten aurrera deklaratzera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin lankidetzan, Mikel Irastorza ETAren talde logistiko-militarreko ustezko burua atxilotu zuen larunbat goizeko 6:00etan, Azkainen (Lapurdi). Berarekin batera Irastorza etxean hartu zuten 59 urteko gizonezko bat eta 56 urteko emakumezko bat ere atxilotu zituen poliziak, 'Nerin' operazioaren barruan.
Bai Irastorzak, bai bikoteak Baionako polizia-etxean jarraitzen dute oraindik, epailearen aurrean noiz eramango dituzten zain. Atxilotuak aipatu polizia-etxera eraman zituzten bikotearena den Lur Eder auzoko etxebizitza 10 orduz miatze-lanak bukatu eta gero.
Terrorismo kasuetarako Frantziako legedian jasotzen denaren arabera, gehienez 96 orduz izan ditzakete bertan; horrenbestez, asteazkena baino lehen eraman beharko dituzte Parisera, instrukzio epaile baten aurrera deklaratzera.
Bestalde, iturri judizialek jakitera eman dutenez, Irastorzak ez du ebatzi gabeko auzirik Espainian; beraz, Espainiak ezingo du haren estradiziorik eskatu.
Aipatu atxiloketak Parisko terrorismoaren aurkako fiskaltzak "helburu terroristak dituen gaizkile taldeko kide izateagatik" ireki duen aurretiazko ikerketa batean oinarrituta egin ziren.