1980ko gertaera
Paco Etxebarriak ANean: 'Posible litzateke Naparra identifikatzea'
agentziak | erredakzioa
Auzitegi-medikuak Auzitegi Nazionalean deklaratu du, lekuko gisa, Jose Miguel Etxeberria Alvarezen desagerpenaren gaineko ikerketa dela eta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak Auzitegi Nazionalean adierazi duenez, Jose Miguel Etxeberria Alvarez 'Naparra' ETAko ustezko kidea desagertu zenetik (1980) igarotako denbora gorabehera, posible litzateke gorpuzkiak "erabat identifikatzea", aurkituz gero.
Etxeberriak lekuko gisa deklaratu du Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, Morenok Naparraren desagertzearen gaineko ikerketa berrabiatu eta gero. Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zuen hilketa. Orain, ANeko epaileak hilotza bilatzeko eskatu dio Frantziari.
Fiskaltzak eskatu zion epaileari auzia berrabiatzeko, lekuko batek datu berriak eman eta "Estatuaren zerbitzu sekretuen -lehengo CESID- kide izandako pertsona batek" lurperatu zuten gunearen krokisa eman ostean.
Iñaki Errazkin euskal kazetaria da lekukoa eta, ziurtatu zuenez, gorpua Akitanian dago, Landen inguruan.
2004an artxibatu zuten
2004ean artxibatu egin zuen auzia Moreno epaileak, ezin zituelako Naparra bahitu eta hil zuten pertsonak identifikatu. Halere, garai horretan 'Perret' anaiek gidatutako talde bat izan zela uste zuten. Hilotza Frantzian bilatu zuten, ezer topatu gabe.
Alabaina, orain dela aste batzuk, Eneko Etxeberria hildakoaren anaiak, Iñigo Iruin familiaren abokatuak eta auzitegi-medikuek iragarri zuten "Estatu terrorismoarekin" lotutako iturri "konfidentzial" baten arabera, Naparra "hil egin zutela" eta Mont de Marsan herriaren inguruetan ehortzi zutela.