Itxi

Altsasuko gertaerak

Atxiloketak ez zirela beharrezkoak salatu du Nafarroako Gobernuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Altsasuko gertaerekin lotura dutelakoan, gutxienez bederatzi pertsona atxilotu dituzte, eta Maria Jose Beaumont Barne kontseilariak "balorazio negatiboa" egin du.

Maria Jose Beaumont. Artxiboko argazkia: EiTB

Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak salatu duenez, Altsasuko gertaerekin lotuta gaur egin diren atxiloketak ez ziren beharrezkoak eta ez zegoen horiek goizaldean egin beharrik. Ildo horretan, atxiloketen inguruko "balorazio negatiboa" egin du.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan Beaumontek azaldu duenez, Nafarroako Foru Gobernuak goizeko zortziak aldera izan du atxiloketen berri, eta, antza denez, Altsasuko gertaerekin lotuta Poliziaren txostenetan identifikatutako pertsonak atxilotzeko agindua eman du Auzitegi Nazionalak.

Atxiloketen balorazioa egin ostean, atxiloketak ez zirela beharrezkoak nabarmendu du. Beaumonten esanetan, Altsasuko gertaerarekin lotuta Nafarroako Foruzaingoak identifikatutako pertsonetatik bik Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiko epailearen aurrean deklaratu zuten eta beste batzuek beren borondatez deklaratzeko asmoa agertu zuten.

Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramailearen esanetan, gehiegizkoa da Altsasuko gertaerak terrorismo delitu gisa ikertzea, eta epaileek Zigor Kodearen interpretazio zuhurra egingo dutenaren itxaropena agertu du.

Adolfo Araiz EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailearen esanetan, polizia operazioak ez dauka inolako zentzurik, kontuan izanda atxilotutako gehienek beren kabuz deklaratzeko borondatea agertu zutela. Are gehiago, "aberrazio juridiko eta politikoa" dela nabarmendu du.

Carlos Couso Ahal Duguko Nafarroako parlamentariak Altsasuko gertaeraren inguruan egin den "irakurketa politizatua" eta "neurrigabea" salatu du, eta beharrezko sosegua eta neurritasuna sortzeko ez dela azpimarratu du. Edozein kasutan, Ahal Duguk epailearen erabakia errespetatuko duela gaineratu du.

Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako bozeramailearen esanetan, zentzugabekeria bat da Altsasun gertaturikoa ekintza terroristatzat izendatzea, baina prozedura judiziala errespetatuko dute.

Aralar ildo beretik mintzatu da, eta polizia operazioa "neurrigabea" eta "zeharo bidegabea" dela salatu du. Aralarren esanetan, Altsasuk elkarbizitza behar du, bertako bizilagunek bakean bizi nahi dute, eta atxiloketa neurrigabe eta bidegabe horiek elkarbizitzaren kontrako erasoa dira. Gainera, Aralarrek elkartasuna adierazi die atxilotuei, horien senideei eta altsasuarrei.

Javier Esparza UPNko presidenteak, berriz, epaileen lana errespetatzeko eta Justiziari lan egiten uzteko eskatu du, "hartzen dituen erabakiak gustuko izan ala ez". Halaber, Maria Jose Beaumonten adierazpenak gaitzetsi eta zentzugabekeriatzat jo ditu.

Bestalde, Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak goraipatu egin ditu atxiloketak, eta zuzenbide-estatuak funtzionatzen duela azpimarratu. "Agerian  gelditu da legeak bete egiten direla eta horiek urratzen dituztenak Justiziaren aurrera eramango dituztela. Ziur nago epaileak atxilotuen parte-hartzeari buruzko gutxieneko zantzuak aurkitu zituela", gaineratu du.

Albisteak (1)