Itxi

Inbestidura

Lehendakarigaiak aurkeztu dituzte EAJk eta EH Bilduk

EITB.EUS

Leer en Castellano

Jeltzaleek Iñigo Urkulluren hautagaitza aurkeztu dute, eta koalizio abertzaleak Maddalen Iriarterena.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAJk eta EH Bilduk azaroaren 23an eta 24an izango den inbestidura saiorako lehendakarigaiak aurkeztu dituzte gaur, ostiralez. Jeltzaleek Iñigo Urkulluren hautagaitza aurkeztu dute, eta koalizio abertzaleak Maddalen Iriarterena.

Ostiral honetan bukatzen zen hautagaitzak aurkezteko epea, eta biek azkenera arte itxaron dute.

EH Bilduren izenean, Miren Larrion eta Jasone Agirre legebiltzarkideak joan dira Gasteizko erregistrora Maddalen Iriarte alderdikidearen hautagaitza aurkeztera. Ordu laurden geroago, Joseba Egibar EAJren bozeramaileak beste hainbeste egin du Iñigo Urkulluren hautagaitzarekin.

EAJ, PSE-EErekin lor dezakeen itunaz

Urkulluren hautagaitza erregistratu ostean kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, sozialistekin gobernagarritasun ituna lortzeko itxaropentsu agertu da Joseba Egibar jeltzaleen bozeramailea. Astelehenerako, edo asko jota, astearterako akordioa izatea espero du EAJk, azken bileretan bi alderdiek lortu dituzten "aurrerapenak" ikusita.

Egibarren hitzetan, negoziazioak oso "aurreratuta" daude, eta "emaitza datorren astean ikusiko dugu". Bozeramaile jeltzaleak gogorarazi duenez, elkarrizketek "astelehena edo asteartea" dute "epemuga".

Egibar, Urkulluren hautagaitza aurkezteko unean. EFE

Erdietsi beharreko itunaren formula ez du argitu Egibarrek, baina bi indarrek autonomia mantentzeko izango duten aukerari buruz galdetuta. honakoa esan du: "Bakoitzaren bidaia orria eta jarrerak errespetatu beharrekoak dira, baina gobernu ekintzak bat eta bakarra behar du izan".

Bozeramaile jeltzaleak aitortu duenez, Euskadirako estatus politiko berria da bi alderdien arteko gai arantzatsuena. "Baina astelehenera arte, badugu denbora (akordioa ixteko)", erantsi du.

EAJren eta PSE-EEren "paralisia"ren aurrean, Iriarteren hautagaitza

EH Bilduk Maddalen Iriarte aurkeztu du lehendakarigai EAJren eta PSE-EEren arteko balizko itun batek ekarriko lukeen "paralisiaren alternatiba" gisa. Miren Larrion koalizio abertzalearen legebiltzarkideak komunikabideei azaldu duenez, Lehendakaritzarako hautagaitza aurkezteagatik ez diote EAJrekin akordioak erdiesteko "borondateari muzin egiten", batez ere bizikidetzaren, autogobernuaren eta arlo sozioekonomikoaren inguruan.

Larrionek eta Agirrek aurkeztu dute Iriarteren hautagaitza. EFE

Elkarrekin Podemos hizpide hartuta, "akordio aukeretatik kanpo geratu izana" deitoratu du Larrionek. Nagua Albak zuzendutako koalizioari hauteskunde kanpainan defendatutakoarekin "koherente" izateko eta Euskadirentzat "alternatiba" izateko nahiari eusteko eskatu dio.

Larrionen berbetan, "agian ganberan berriak direlako edo, ez dakite gobernuaren alternatiba gisa aurkeztea eta gobernua osatzea posible ez denean besteekin akordioak erdiestea bateragarriak direla".

EH Bilduk uste du Iriarte lehendakarigai aurkeztuta, datozen lau urteetan "egin beharko litzatekeena" geratuko da agerian. Horrez gain, euren ustez EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu batek ekarriko lukeen "paralisia"ri aurre egiteko modu bat ere bada hautagaia aurkeztea.

Albisteak (3)

Bideoak (2)