Itxi

Koalizioa, 18 urte geroago

Gobernu akordioa sinatu dute EAJk eta PSE-EEk

EITB.EUS

Leer en Castellano

Andoni Ortuzarrek, Idoia Mendiak eta Iñigo Urkullu lehendakariak izenpetu dute XI. legealdiko Jaurlaritza osatzeko ituna.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Datozen lau urteetako Eusko Jaurlaritza osatzeko ituna sinatu dute eguerdian EAJren eta PSE-EEren buruzagiek.

Eusko Legebiltzarrean egin dute ekitaldia, Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria bertan zirela.

Sinaduraren osteko prentsaurrekoan, Ortuzarrek eta Mendiak akordioaren nondik norakoak azaldu dituzte leporaino betetako areto batean. Bien esanetan, Euskadirentzako "akordio ona" da, eta Ortuzarrek gaineratu du euskal politikagintzan "aurrerapausoa" dela. Ez hori bakarrik, Mendiak gaineratu duenez, Espainiako beste gai batzuk konpontzeko gida izan daiteke.

Estatutuaren erreforma

EBBko presidenteak ziurtatu duenez, haren alderdiak estatus politiko berri bat adostu nahi du legegintzaldi honetan, eta PSE-EErekin sinatutako akordioan jasota ez badago ere, estatutuaren erreformari buruzko galdeketa egitea proposatzen jarraituko du.

EAJko buruzagiaren esanetan, ez dute estatutu berriari buruzko ituna egiteko datarik jarri, baina gai hori legegintzaldi honetan "mahaigaineratu, erabaki eta konpondu" nahi dutela ziurtatu du. "Argi eta garbi esaten dugu eta argi esango diogu PSE-EEri. Nire ustez, Alderdi Sozialista sinetsita dago hori horrela dela. Beste kontu bat da beraiek gure eskuetan ez dagoen balio bati garrantzia handiagoa ematea, hots, Konstituzioaren erreformari", azaldu du.

Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEko buruzagiak ohartarazi duenez, prozesua luzea eta zaila izango da. Gaineratu duenez, jeltzaleek eta sozialistek autogobernuaren gaian dituzten desadostasunak Eusko Legebiltzarreko lantaldean eztabaidatuko dituzte, eta bakoitzak bereari eusteko askatasun osoa izango du.

Galdeketa gaitzailea

Autogobernuari dagokion atalak gobernu akordioaren 71 orrialdetatik 10 betetzen ditu. Bi alderdiek Eusko Legebiltzarreko autogobernuari buruzko lan-taldearen esku uzten dute Estatutu berriari buruzko zirriborra egiteko ardura. Eztabaida hasten den unetik gehienez zortzi hilabete igarotzean aurkeztu beharko dute alderdiek aipatu zirriborroa. Gainera, bi bazkideek alor horretan dituzten planteamenduak defendatzeko askatasuna izango dute. Hala ere, akordioak ez du jasotzen EAJk proposatzen duen galdeketa.

Galdeketa horri muzin egiten dioten galdetuta, Ortuzarrek erantzun du EAJk formula hori defendatzen jarraitzen duela eta planteamendu hori eramango duela Legebiltzarreko autogobernuaren lantaldera. Eusko Legebiltzarrean estatus politiko berriari buruz adostutakoa herriari galdetzea defendatzen dute jeltzaleek gaia Espainiako Gorteetara eraman aurretik.

"Legebiltzarreko akordio politiko bat legitimatzeko tresna bat da", azpimarratu du Ortuzarrek.

Lau zutabeak

Bi alderdiek berriro osatuko dute Eusko Jaurlaritza, 18 urte eta gero.

Akordioaren agiria aho batez onartu zuten atzo EAJren Nazio Biltzarrak eta PSE-EEren Batzorde Nazionalak. Dokumentuak 70 orrialde ditu, eta lau gai handiren baitan antolatua dago: autogobernua, bakea eta bizikidetza, enplegua eta ekonomia, eta gizarte politikak (azken bi hauek testuaren hiru laurden hartzen dute).

Besteak beste, langabezia % 10etik behera kokatzeko eta diru sarrerak bermatzeko errenta "indartzeko" konpromisoa hartu dute bi alderdiek. Horrez gain, Gernikako Estatutuaren legezko erreforma egiteko beharra partekatu dute biek, baita erabakitzeko eskubideaz eztabaidatzeko aukera.

Izenpetzea inbestidura saioaren bezperan egin dute jeltzaleek eta sozialistek. Izan ere, Legebiltzarreko osoko bilkura azaroaren 23an eta 24an egingo dute eta, litekeena da ostegunean izendatzea Iñigo Urkullu lehendakari, bigarren bozketan (37 botorekin, EAJren 28 ordezkarien eta PSE-EEren bederatzi legebiltzarkideen babesarekin).

n babesarekin).n babesarekin).n babesarekin).n babesarekin).

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)