Itxi

Independentzia erreferenduma

Abenduaren 23rako deitu du Puigdemontek erreferendumaren goi-bilera

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Kataluniako Parlamentuan egingo dute independentzia erreferenduma antolatzeko bilera. Bezperan, 2017ko aurrekontuen proiektua bozkatuko dute.

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak abenduaren 23rako deitu du Kataluniaren independentzia bozkatzeko 2017rako aurreikusitako erreferenduma antolatzeko goi-bilera.

Bertara, Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Itun Nazionala osatzen duten alderdi eta erakundeak daude deituta.

Generalitateko iturriek adierazi dutenez, Kataluniako Parlamentuan egingo dute hitzordua, eta Puigdemont bera izango da goi-bilera horretako burua.

Bezperan, 2017ko aurrekontuen proiektua eztabaidatuko dute osoko bilkuran eta, aurreikuspenen arabera, kontuek aurrera egingo dute Junts pel Sí (JxSí) eta CUP alderdien babesarekin.

Hain zuzen ere, JxSí eta CUP alderdiek adostu zuten goi-bilera hau urtea bukatu aurretik egitea eta, bertan, 2017ko irailerako Kataluniako gobernuak aurreikusi duen erreferendumaren inguruan adostasun politiko eta soziala jorratzea.

CUP alderdiak goi-bilera egitea eskatu izan du behin baino gehiagotan, baina Puigdemont presidenteak aurrekontuen babeserako bermeak eskatzen zituen.

Albisteak (3)