Itxi

GURE ESKU DAGO

Maiatzaren 7an egingo da herri-galdeketa Lea-Artibain

EITB.EUS

Hiru fasetan bereizi dute maiatzera bitarteko prozesua: babesa bildu,  galdera adostu eta herri-galdeketa gauzatu. 20.454 herritar egongo dira parte hartzera deituta.

Gure Esku Dago Lea Artibai plataformak Lekeition, gaur, egin duen agerraldia.

Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Ondarroa, Ziortza-Bolibar galdeketen olatura batu dira. Gaur goizean Lekeition egin duten agerraldi jendetsuan herri-galdeketaren data iragarri du Gure Esku Dago Lea Artibai herri-ekimenak: 2017ko maiatzaren 7a.

Hiru fasetan bereizi dute maiatzera bitarteko prozesua: ehundu (herritarren borondatea eta babesa bildu), adostu (herriz herri galdera adosteko prozesuak abian jarri) eta erabaki (herri galdeketaren bidez,16 urtetik gorako 20.454 herritarrei emango diete hitza).

Miren Agur Meabe idazleak irakurri du adierazpena, 'Bidea bidean bide' izenburupean: "Gure hizkuntzaren berba ederrenetako bat da, nire ustez, bide, bidea. Berba horreri helduta beste berba asko sortzen dira eta —ez dago azaldu beharrik zergaitik— danak egiten jakuz hurrekoak: lanbide, argibide, pentsabide, sinisbide, gurutzbide, irtenbide, ogibide, aginpide, zuzenbide, hizpide, ebazpide, bizibide, zentzabide, elkarbide… konponbide… adibide… gizabide… eskubide… eskabide… askabide…" , esanez abiatu du bere agerraldia idazle bizkaitarrak.

Gure Esku Dago Lea-Artibai plataformak azaldu duenez, "herri-ekimena abian da jada, Ispasterren eta Euskal Herriko beste herri askotan egin duten bezala, guk ere, herritarron borondatea modu demokratikoan gauzatzeko tresna jarri nahi dugu herritar guztion eskura. Herritarrak ahaldunduz, prozesua bera gauzatuz, erabakia eraikiz ezberdinen artean, elkarlanean".

Informazio gehiago (1)