Itxi

Krisia Arabako Ahal Dugun

Ahal Duguren zatiketa agerian geratu da Arabako aurrekontuen bozketan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Irabazik aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa babestu dute Ahal Duguko zortzi batzarkideetatik lauk, sektore ofizialaren irizpidearen kontra.

Arabako Batzar Orokorrak. Artxiboko argazkia: EiTB

Arabako Ahal Duguren baitako barne zatiketa agerian gelditu da Arabako 2017ko aurrekontuen bozketan; izan ere, Irabazik aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa babestu dute Ahal Duguko zortzi batzarkideetatik lauk; beste hiruk, berriz, abstentziora jo dute, zuzendaritzaren erabakia betez.

Batzar Nagusiek atzera bota dute osoko zuzenketa kontrako 29 botorekin (EAJko 13, EH Bilduko 11 eta PSE-EEko 5). Bestalde, PPko 12 batzarkideek, Ahal Duguko 4k eta Irabaziko 1ek alde bozkatu dute, eta Ahal Duguko 3k eta Miguel Angel Carrera independenteak, berriz, abstentziora jo dute. Ahal Duguko batzarkide bat ez da gaurko saiora joan, gaixo baimena duelako.

Datorren urteko aurrekontu proiektuak bere bidea egingo du; izan ere, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu koalizioak EH Bilduren babesa ziurtatuta du. Arabako Batzar Nagusietako Ahal Dugu Taldea osatzen duten batzarkideen arteko zatiketa nabaria da: hiru batzarkidek zuzendaritzaren ildoa babesten dute eta gainerako bostek, berriz, ez.

Ahal Duguko zuzendaritzaren erabakia onartzen ez duten bost batzarkideen izenean hitz egin duen Daniel Trujillanoren esanetan, atzo taldearen gehiengoak erabakitakoaren araberako botoa eman dute. Are gehiago, sektore ofizialeko hiru batzarkideei boto diziplina hautsi izana leporatu die.

Arantza Abecia sektore ofizialeko bozeramaileak adierazi duenez, osoko zuzenketaren alde bozkatu duten lau batzarkideak izan dira boto diziplina hautsi dutenak, Batzar Nagusietako Taldeak ezin duelako bere kabuz erabakirik hartu, horren esanetan.

Bestalde, Lander Martinez Euskadiko Ahal Duguko Antolaketa idazkariaren hitzetan, lau batzarkidek arau-haustea egin dute boto diziplina ez errespetatuta. Hala ere, keinu politikoren bat eginez gero, zigorrak arinagoak izan daitezkeela gaineratu du.

Albisteak (2)