Itxi

Polizia-operazioa Luhuson

ETA armagabetzen laguntzeko prest zeuden 5 pertsona atxilotu dituzte Luhuson

Eitb.eus

Leer en Castellano

Manifestazioa egin dute larunbat arratsaldean Baionan, operazioa salatzeko eta atxilotuak aska ditzaten eskatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ETA armagabetzeko prozesuan parte hartzeko eta armak suntsitzeko prest zeuden bost ekintzaile atxilotu zituen Guardia Zibilak ostiral gauean, Luhuson, Lapurdin.

Mediabask kazetak jakinarazi duenez, atxilotuetako bi Mixel Berhokoirigoin (Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sortzaileetako bat eta presidente ohia) eta Txetx Etxeberri (Demo eta Bizi mugimenduetako kidea) dira, Ipar Euskal Herriako ekintzaile ezagunak eta bakearen aldeko mugimenduetan parte hartutakoak.

Horiez gain, Beatrice Molle ere atxilotu zuten, Mediabaskeko kazetaria eta Radio Euskadiko berriemaile izandakoa, eta atxiloketak egin zituzten etxebizitzaren jabea. Halaber, bilera grabatzera zihoan kamerari bat (Stephane Etxegarai) eta Baigorriko mahastizain bat (Mixel Bergougnan) ere atxilo hartu zituzten. Baionako polizia-etxera eraman zituzten guztiak.

Hasierako informazioen arabera Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea ere atxilotu zutela zabaldu zen arren, Tubianak berak gezurtatu zuen ondoren, Luhuson egon izana. Tubianak Le Monde egunkariari jakinarazi zionez, Frantziako Gobernuak bazuen ETAren desarmean egiten ari ziren lanaren berri.

Atxiloketen ostean argitara atera zen ekintzaileen gutun batean, atxilotuek zioten "ETArekin inolako loturarik eta menpekotasunik gabeko gizarte zibileko kide gisa, talde armatuaren desarmatze prozesuari ekitea erabaki" zutela, "lehen arma-stock bat suntsituz". Zati hori ETAren armategiaren "% 15 inguru" izan daitekela zehazten zuten.

ETAk bitartekaritza onartu zuen, Mediabaskek argitaratutako bi gutunetan

ETAk urriaren 19an eta azaroaren 16an ekintzaileei idatzitako bi gutun argitaratu zituen Mediabask agentziak. Talde armatuak hiru ekintzaileen bitartekaritza onartzeaz gain, "armagabetzearen ardura gizarte zibilari ematearen" alde agertu zen.

"Gauza bakarra eskatuko dizuegu: erabiltzen den prozedurak ez dezala ahalbidetu irabazleen eta garaituen irakurketarik", esan zuen ETAk hiru ekintzaileei frantsesez bidalitako bigarren gutunean.

"Gure helburua da lehenbailehen esan ahal izatea ez garela erakunde armatu bat", adierazi zuen.

Frantziako Gobernuak bost atxiloketak baieztatu zituen

Frantziako Barne Ministerioak ostiral gauean Luhuson izandako bost atxiloketak baieztatu zituen, "ETA talde armatuarekin zerikusia zutelakoan". Bruno Le Roix Barne ministroak agiri batean azaldu zuenez, "ETAri kolpe gogorra" eman zioten. Urriaren 12an talde armatuaren beste armategi bat aurkitu zuten Carlepont herriko baso batean, Paris ipar-ekialdetik 100 kilometrora.

Halaber, "armategi handi bat, eta zenbait lehergailu eta munizio" atzeman zituztela adierazi zuen. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren esanetan, Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak aurkitutako biltegian dozenaka arma, munizio ugari, lehergailuak eta horiek egiteko materiala atzeman zuten.

Erreakzio-soka luzea ekarri zuen operazioak

Luhuson egindako atxiloketek erreakzio-soka ekarri zuten. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE eta PP alderdiek Radio Euskadin hitz egin zuten operazioaren inguruan; Eusko Jaurlaritzak, ostera, agiri bat kaleratu zuen, "behin betiko armagabetzea egiaztatzea" eskatzeko.

Bestalde, Frederique Espagnac senatari sozialistak babesa erakutsi zien Txetx Etxeberri eta Mixel Berhokoirigoin atxilotuei, "bortizkeriarik gabe bakearen alde lan egiten" zutelako. Max Brisson Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseiluko presidente orde eskuindarrak esan zuen ez zuela ulertzen gertatutakoa eta ezkerreko Gobernu bat armen desegitearen aurka agertu izana deitoratu zuen.

Jose Bove sindikalista eta eurodiputatuak eta Gilles Simeoni Kortsikako presidenteak atxilotuak aske uzteko eskatu zuen.

Protesta jendetsua eta anitza Baionan, Luhusoko atxiloketak salatzeko

Baionako karrikak jendez lepo bete ziren larunbat arratsaldean ostiral gauez Luhuson atxilotu zituzten bost pertsonak aske uzteko eskatuz.

Manifestazioa 16:00etan atera zen, baserritarren hainbat traktoreren atzetik. Atzean, pankarta, lelo honekin: Bakearen alde! Liberté pour les artisans de la paix! (Bakearen artisauak askatu!).

Aldi berean, larunbat arratsaldez, Stephane Etxegarairen etxea arakatu zuen Poliziak. Etxegarai bertan izan zen eta miaketak amaitu ondoren Baionako polizia-etxera eraman zuten. Izan ere, bertan zituzten 'Seminario' operazioaren barruan atxilotutako gainerako lagunak, hurrengo egunetan epailearen aurrera noiz eramango zain.

DOKUMENTAZIOA:

2016ko abenduaren 20an libre geratu ziren bost atxilotuak

2016ko abenduaren 21ean Iparraldera itzuli ziren atxilotuak

Kronologia: ETAren amaiera

Albisteak (4)

Bideoak (3)