Itxi

protesta

Protesta jendetsua eta anitza Baionan, Luhusoko atxiloketak salatzeko

eitb.eus

Leer en Castellano

Jende ugari eta izaera anitzekoa bildu da Baionako kaleetan atzo gauean Luhuson atxilotutako bost lagunen askatasuna aldarrikatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Baionako karrikak jendez lepo egon dira larunbat arratsalde honetan ostiral gauez Luhuson (Lapurdi) egindako polizia-operazioaren barruan atxilotu zituzten bost pertsonak aske utz ditzatela eskatzeko. Lau mila pertsona bertaratu omen dira hainbat iturrik zabaldu dutenez; polizia-iturrien arabera, berriz, bi mila.

Manifestazioa 16:00etan atera da, eta hura zabaltzen baserritarren hainbat traktore abiatu dira. Haien segidan martxaren pankarta joan da, eta bertan honako lelo hau irakur zitekeen: Bakearen alde! Liberté pour les artisans de la paix! (Askatasuna bakegileentzat!). Aipatu pankartari, besteak beste, LAB eta ELA sindikatuetako idazkari nagusiek (Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz, hurrenez hurren) eutsi diote.

Argazkia Franck Dolosor

Aipatutakoekin batera ordezkaritza politiko zabal eta anitza izan da bertan; hala nola, Max Brisson, Frantziako eskuinaren ordezkari gorena Ipar Euskal Herrian; Colette Capdevielle eta Sylviane Allaux, diputatu sozialistak; Maddalen Iriarte, Euskal Herria Bilduko parlamentaria Eusko Legebiltzarrean eta Joseba Agirretxea, EAJren ordezkaria Kongresuan.

Martxan zehar Michel Berhocoirigoin, Jean-Noël Etcheverry, Betrice Molle, Michel Bergougnan eta Stéphane Etchegaray aske uztearen aldeko oihuak entzun ahal izan dira.

Manifestazioaren aurretik, Ipar Euskal Herriko joera politiko guztietako hautetsiek manifestu bateratua sinatu dute; tartean, Baionako eta Biarritzeko alkate zentristek. Adierazi dute asko direla atxilotuek hasitako bidean jarraitzeko prest daudenak. Horrez gain, Frantziako eta Espainiako gobernuei armagabetzea ahalbidetzeko eskatu diete.

Bestalde, Joseba Agirretxea diputatuak esan duenez, EAJk "hasiera batetik aldebakarreko, egiaztatutako eta bermeak zituen armagabetzearen alde egin zuen". "Bide horri edozein oztopo jartzea kaltegarria da Euskal Herriaren bakerako eta etorkizunerako", nabarmendu du.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ere deklarazioak egin ditu komunikabideen aurrean, "armagabetzea nahi dugu, bakea", adierazi du. Armagabetzearen aurkako benetako oztopoa Frantziako Estatua dela ohartarazi du, "Espainiako Gobernuaren agenda jarraitzen du, eta odolarekin batera bizitzera ohituta dago hura".

Argazkia Franck Dolosor

Egunean zehar hainbat izan dira Frantziako poliziak, Guardia Zibilaren laguntzarekin batera, gauzatutako operazioaren aurrean agertutako erreakzioak. Horrela, EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdien aburuz, aipatu atxiloketek zaildu egiten dute armagabetze-prozesua. Aldiz, Frantzia eta Espainiako gobernuek babestu egin dute poliziaren jarduera. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, "behin betiko eta baldintzarik gabeko armagabetzea egiaztatzeari" babesa erakutsi dio berriro.

Albisteak (4)

Bideoak (1)