De la Serna-Tapia bilera
EAJ, PSE eta PP, baikor AHTaren lanei buruzko batzarraren ostean
agentziak | erredakzioa
Aitzitik, EH Bilduk AHTa ez dela 'errentagarria' ohartarazi du eta Elkarrekin Podemosek ikuskaritza bat egitea eskatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Radio Euskadiri, Más que Palabras programaren barruan, larunbat honetan egindako adierazpenetan, Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdiek Iñigo de la Serna Sustapen ministroak eta Arantxa Tapia Azpiegitura sailburuak Abiadura Handiko Trenari buruz izandako bilera izan dute hizpide.
Horren harira, Joseba Egibar EAJren legebiltzarreko bozeramaileak azpimarratu duenez, "lehendabiziko batzar bat izan da, AHTaren, Bergarako lotunearen eta beste azpiegitura batzuen egoera desblokeatzea xede izan duena. Obra horrek atzerapen handia darama, eta, ondorioz, ezinezkoa da Euskal 'Y-'a 2019rako bukatuta egotea".
Egibarren arabera, "printzipioz, elkarri entzuteko aldartea dago", baina itxaron egin beharko da "ea horrek nola funtzionatzen duen ikusi arte, zeren beste hainbat alderdi ere badaude: trenbidearen hegoaldeko saihesbidea, aireportuak edota trenbideari eragiten dioten gai batzuk". "Bilera batek ez du erabateko konponbidea emango, baina joko garbia egon da: gaiak eta balizko konponbiderako datak mahai gainean jarri dira".
EH BILDU
Bere aldetik, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen ustetan, "asko xahutu denez, bukatu egin behar da, bestela alperrikakoa izango litzateke orain arte gastatutakoa".
Horrenbestez, bere esanetan, "AHTa irizpide politikoen eta prestigiozkoen arabera eraikitzen ari den azpiegitura da, ez da inolaz ere errentagarria eta diru publikoa xahutzeko era erraldoia da". "Hondorik ez duen zakua da, eta ez dago inongo ikerketa lanik, azpiegitura hori errentagarria eta beharrezkoa dela azaltzen duenik", ohartarazi du Casanovak.
ELKARREKIN PODEMOS
Lander Martinez Elkarrekin Podemos alderdiko bozeramailearen iritziz, AHTari buurz aste honetan "egon diren aurrerapausoak zerikusi handia dute aurrekontuen negoziaketarekin".
Bestalde, onartu duenez, bere alderdiak ez du AHTa "begi onez ikusten; izan ere, zementua lehenesten da herritarren beharrizanen aurrean, besteak beste, osasuna eta hezkuntza". Martinezen aburuz, AHTaren gainean ikuskaritza bat egin beharko litzateke, eta berarekin zer egin behar den pentsatu beharko litzateke, aukeren artean geldiaraztea egonik.
PSE-EE
Jose Antonio Pastor PSEren ordezkariak adierazi duenez, ordea, PPren egoera ahulak "zubiak eraikitzera bultzatzen du"; eta, horren ondorioz, "aukera baten aurrean gaude", "obrak atzerapen eta gainkostu ugari baitaramatza".
"Azpiegitura estrategikoa da. 80ko urteetan AHTaren alde agertu ginen, baina ohituta gaude zenbait alderdik azpiegitura jakin batzuk gutxiestera, nahiz eta gerora erabili egiten dituzten", kritikatu du.
PP
Azkenik, Laura Garrido Euskadiko PPren bozeramaileak baieztatu duenaren arabera, De la Serna eta Tapiaren arteko bilera "adeitsua" izan zen, "estrategikoa eta berebiziko garrantzia suen azpiegitura baten gainean". Nabarmendu egin du ministroak bilera izateko Gasteizera hurbiltzeko izan zuen "keinua", eta onartu egin gu egitura "konplexu" bat dela.
Bukatzeko, Garridok esan du Eusko Jaurlaritza lehen baino "prestago" ikusten duela bilerak izateko "badirudi, beraz, EAJk baztertu egin duela gehiegizko jarrera biktimista".