Itxi

Mont-de-marsanen

Paueko Jendarmeria arduratuko da Naparraren gorpua bilatzeaz

Euskadi Irratia | eitb.eus

Leer en Castellano

Ikerketa gidatzeko epailea izendatu dute dagoeneko, eta Paueko Jendarmeriako talde bat arduratuko da Jose Miguel Etxeberriaren gorpuzkiak bilatzeko indusketa lanetan, Mont-de-Marsanen.

Duela 36 urte ikusi zuten azkenekoz Jose Miguel Etxeberria 'Naparra', Ziburun

Aitzineratuz doa Frantzian Jose Miguel Etxeberria “Naparra” azkenekoz duela 36 urte ikusi zuten errefuxiatu desagertuaren inguruko ikerketa. Epailea izendatu dute dagoeneko, ikerketa gidatzeko, eta Paueko Jendarmeriako talde bat arituko da berarekin lanean.

Izan ere, duela hiru hilabete, Komando Autonomoetako kide izan zenaren gorpuaren kokalekuaren inguruko arrasto berriak azaldu ziren. Estatu indarkeriarekin lotura izan dezakeen pertsona batek esan zuen gorpua Mont-de-Marsanen zegoela, lekukotasun ezkutu batean, Iñigo Iruin abokatuak, Paco Etxeberria auzitegi medikuak eta Naparraren anaiak berak prentsaurreko batean azaldu zutenez. Horren ondoren, ikerketa berriro ere abian jartzeko eskaria egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Urtarril amaieran edo otsailaren hasieran has litezke indusketa lanak, ustez Naparraren gorpua dagoen hobian, eta familia zuhurtziaz baina itxaropentsu agertu da, 36 urteko aferan argia ikusi nahian.

Hain zuzen ere, Solenne Motyl Mont-de-Marsaneko epaileak eta bilaketetan adituak diren Paueko Jendarkeriako kideek izango dute auziaren ardura, “Gara” kazetak gaur kaleratu duenez.

Frantziar Estatuan afera bere gain nork hartu behar duen argituta, beraz, kasuak aurrera egingo duen zantzuak daude, eta lehen urratsen zain dira orain Etxeberriaren senideak, Mont-de-Marsaneko hobian albait azkarren has daitezen lanean.

Albisteak (4)