Itxi

Moncloa Jauregia

Presidenteen Biltzarrean Urkullu eta Puigdemont egotea nahi du Rajoyk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bestalde, Mariano Rajoyk aitortu du urte zaila izan dela, baina erantsi du legegintzaldiak lau urte izango dituela espero duela.

Mariano Rajoy Moncloa Jauregian egin duen agerraldian. Argazkia: EFE

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteak Presidente Autonomikoen Biltzarrean parte hartzea nahi duela esan du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak.

“Han egotea nahiko nuke, gauza garrantzitsuez, herritarrei axola zaizkien gauzei buruz hitz egingo dugu bertan. Horrek ez du esan nahi zure printzipioei uko egitea, iritziak elkartrukatzeko batzarra da”, adierazi du.

Alabaina, batzarrean parte hartzeari uko egiten badiote, arriskutsua izan daitekeela ohartarazi du, “erabakiak beste batzuek hartuko dituztelako”.

Presidente Autonomikoen Biltzarra urtarrilaren 17rako deitu zuen Rajoyk, baina Urkulluk eta Puigdemontek bertara joango ez zirela iragarri zuten.

Legegintzaldia amaitzeko asmoa

Moncloa Jauregian agerraldia egin du Rajoyk, urteko balantzea egiteko. Urte zaila izan dela aitortu du, “espero ez ziren erabakiak eta aurrekaririk gabeko gertakariak izan direlako”.

“Espainiak inoiz ezagutu gabeko egoera bizi izan dugu, baina azken hiletotan egindako lanari esker eta alderdi ezberdinen arteko akordioei esker, Gobernua osatzea eta desoreka irudia zuzentzea lortu dugu”, azaldu du.

Rajoyk dio  azken bi hilabeteotan agerian geratu dela posible dela alderdien artean hitz egitea eta itunak egitea. Hori dela eta, bere helburua legegintzaldia lau urtekoa izatea dela azpimarratu du. “Gauzak ondo egiten baditugu, legegintzaldi luzea eta oparoa izango da”, erantsi du.

Albisteak (2)